Bermeoko Udalak herritarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaietaz «bete-betean» goza dezaten gura du. Modu horretan, urtero egin modura, aldaketak egin behar izango ditu zenbait zerbitzutan. Besteak beste, herriko zirkulazioan eta sastar batze zerbitzuan egingo dituzte aldaketak. Era berean, herria ahalik-eta garbien mantentzeko, garbiketa zerbitzuak indartuko dituzte.
Benito Ibarrolaza alkateordea atzoko prentsaurrekoan
«Jaiekin ahalik-eta gehien gozatu ahal izateko» aldaketak direla esan du prentsaurrekoan Benito Ibarrolaza alkateordeak. Jai eremuan, esaterako, oinezkoei lehentasuna eman gura diete. Horregatik, Artzatik Portura joateko errepidea irailaren 5etik 20ra arte autoentzat itxita egongo da. Zama lanak egin ahalko dira, egunero, 08:00etatik 12:00etara. Olatu hormako lanekin jarraitzea, baina, «ezinbestekoa» dela esan du Ibarrolazak. Hortaz, lanak egiteko beharrezkoak diren ibilgailuak sartuko dira zenbait egunetan, baina ez jai egun berezietan.
Alde Zaharrean, bestalde, Arostegi kaletik liburutegira doan kalea zarratu egingo dute jai egunetan. Beraz, Intxausti kaletik izango du sarrera eta Nardiz tar Jonetik irteera.
Egitarauko hainbat ekitaldi burutu ahal izateko, berriz, zirkulazioa saihesbidetik desbideratuko dutela esan du.
Aparkalekuak
Autoa «ahalik eta gutxien» erabiltzea eskatu du Ibarrolak; hala ere, zenbait aparkaleku ahalbidetuko dituztela gaineratu du: Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko industriagunean eta Matxikorta kaian, urtero legez. Gainera, udal azokako aparkalekuaren ordutegia zabalagoa izango dela jakinarazi du. Hala, 22:00ak arte zabalik izango da jai egunetan. 00:00ak arte egongo da zabalik, berriz, 9a, 10a, 16a eta 17a.
Irailararen 5etik 20ra, Bizkaibusaren geralekua Santamañe kalean egongo da Bilbora Gernika-Lumotik doan Bizkaibusentzat, eta Zubiaur Tar Kepa kalean, berriz, Sollubetik Bilbora eta Bakiora doazen autobusentzat. Bermibusak, aldiz, Lamerako ohiko geralekua mantenduko du. Taxiak, aldiz, Kasino ondoan egongo dira.
Herria garbi mantentzea «guztien erronka» dela gogorarazi du Ibarrolazak, eta udalak ahalegin berezia egingo du jai egunetan. Modu horretan, garbiketa zerbitzuak irailaren 18ra arte indartu egingo dituzte; ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago ibiliko da jai egunetan, eta zerbitzuetako langile gehiago ere ibiliko dira lanean. Edukiontziak erabiltzeko deia ere egin dute.
Sastar batze zerbitzuari dagokionez, irailaren 7tik 16ra 14:00etatik aurrera eskainiko da zerbitzua, eta 9an ez da sastar batzerik egongo.
Urteroko eskaera bera egin du aurten ere Bermeoko alkateordeak: Arrantzale egunean, ohitura den arren, talko hautsak ez erabiltzeko deia egin du, «horiek eragiten dituzten kalteak kontuan izanik».
Olatu horma ezin da erabili
Saltzaile ibiltariek aurten beste kokaleku bat edukiko dutela ohartarazi du Ibarralozak. Erreten parkean egongo dira hain zuzen ere, eta 11 postu izango dira guztira.
Herriko jai nagusiak irailaren 16an amaituko badira ere, hilaren 17an estropadak izango dira jokoan Bermeon. Olatu horman lanak egiten ari direnez, aurten, herritarrek ezingo dute olatu hormatik estropadak ikusi. Jakinarazi duenez, epaileek, delegatuek eta komunikabideek bakarrik sartu ahal izango dute olatu hormara. Klubetako erremolkeek eta ibilgailuek, berriz, Olatua eskulturaren inguruan izango dute aparkatzeko aukera.
Su artifizialek istripurik ez eragiteko, auzokideei eta ontzietako jabeei zenbait segurtasun neurri hartzeko gomendioak egin dizkie. Hala, irailaren 8an eta 16an ontziak farol berdetik ahalik-eta urrunen uztea eskatu dute.
Auzokideei, berriz, balkoietako leihoak eta ateak ondo zarratzea eta balkoietara eta leihoetara ez ateratzea eskatu diete.