Urdaibai hirugarren sailkatu da Kontxako sailkatze estropadan
Hondarribia izan da azkarrena gizonezkoetan; Zierbena izan da aurten ezustekoa eman duena. Ondarroak eta Isuntzak ez dute domekarako txartelik lortu. Nesketan Hibaika nagusitu daHurrengo bi asteburuetan lehiatuko duten Kontxako banderaren sailkatze est...
Hondarribia izan da azkarrena gizonezkoetan; Zierbena izan da aurten ezustekoa eman duena. Ondarroak eta Isuntzak ez dute domekarako txartelik lortu. Nesketan Hibaika nagusitu da
Hurrengo bi asteburuetan lehiatuko duten Kontxako banderaren sailkatze estropadan hirugarren egin zuen Urdaibaik atzo arratsaldean. Bestalde, Isuntzak eta Ondarroak ez zuten bandera lehiatzeko txartelik lortu.Hondarribia izan zen gizonezkoetan azkarrena. Hura izan zen 20 minutu baino gutxiagotan estropada burutu zuen talde bakarra.
Aurten ere faboritoek ez dute hutsik egin. Hondarribiagaz eta Urdaibaigaz batera lehen txandatik irtenda, Oriok, Kaikuk eta San Juanek Kontxarako txartela eskuratu zuten. Baita Zierbenak eta Tiranek ere.
Zierbena izan ezik besteak iazko berberak dira. Iaz San Pedro izan zen ezustekoa eman eta txartela lortu zuena.
Kaikuren aurretik bosgarren sailkatuta, Zierbena izan zen atzoko erlojupekoan ezustekoa eman zuena.
Halaber, iaz bezala, Astillero izan zen zortzigarrena; bost segundoko aldea bakarrik egon zen Tiranen eta Astilleroren artean.
Hain zuzen ere, zozketak erabakita, TKE ligako hamabi taldeek osatu zuten lehen txanda.
Ondarroa eta Isuntza bigarren txandan atera ziren. 20 minutu, 42 segundo eta 20 ehuneneko denbora egin zuten ondarrutarrek. Lekeitiarrek, berriz, 20 minutu, 59 segundo eta 12 ehunenetan burutu zuten erlojupekoa.
24 arraun talde lehiatu ziren gizonezkoetan, eta 10 talde emakumezkoetan, baina bietan ere zazpi talderentzako lekua bakarrik dago Kontxan. Izan ere, betiko moduan, Donostiako arraun taldeak postua ziurtatuta dauka etxeko taldea delako.
Lehia bizia San Juanegaz
Emakumezkoetan Hibaika izan zen azkarrena, 11 minutu, 22 segundo eta bi ehuneneko denboragaz.
Irabazleagaz batera, San Juanek, Oriok, Cabok, Getaria-Zarautzek, Hernanik eta Deustuk lortu zuten urteko banderarik nagusienenaren lehian sartzea.
Irabazlearen eta bigarren sailkatuaren artean lehia estua egon zen; 2 segundo eta 96 ehuneneko aldea baino ez.
Hain zuzen ere, aurreko urteetan ez bezala, aurten emakumezkoen zortzi traineru ariko dira Kontxako lehian.
Hondarribiak, Colindresek, Hernanik, Deustuk eta A Cabanak osatu zuten lehenengo txanda. Ostean, bigarren txandan, San Juan, Hibaika, Zarautz-Getaria, Orio eta Cabo irten ziren, zein baino zein gehiago.