Kultur eta gizarte arloko taldeen elkarlanagaz, adin guztietarako eskaintza prestatu du Bermeoko Txosna Batzordeak.
Bermeoko Txosna Batzordeko kideak
Ilusioz beterik, gogotsu lan egin dute, eta ekitaldiak txosna gunetik irten, eta herriko txoko desberdinetara zabalduko dituzte, Almiken hasi, Lameratik pasatu eta kultur etxeko plazaraino.
Jai herrikoi eta parte hartzaileak bultzatu asmoz, ahalegin berezia egin dute txosna batzordea osatzen duten sei taldeek–Alkartasuna Dantza Taldea, Urdaibai Eskubaloi Taldea, Bilbo Salsa elkartea, Askapena Talde Internazionalista, Gazte Asanblada eta Sareginek Talde Feminista–.
Horrela, aurrekontua handitu dute; 15.000 euroko inbertsioa eginez–talde bakoitzak 2.500 euroko ekarpena egin du–.
Musika taldeen kontzertuen gunea baino haratago joan, eta askotariko ekitaldiak egingo dituzte 11 egunetan. «Bermeo eta bereziki txosna gunea jairako leku aske eta errespetuzkoa izatea aldarrikatzen dugu; giro onean, elkarregaz gozatzeko gunea».
Herri Olinpiadak eta Kamiseta azoka dira aurtengo berrikuntza nagusiak.Uztailean hasi zuten Herri Olinpiaden lehia, eta hamar laguneko lau talde ari dira parte hartzen. Horiek zortzi proba burutuko dituzte guztira, eta hilaren 17an argituko dute zein izan den talde irabazlea. Besteak beste, Taelladie, ginkana gastronomikoa eta herriko ginkana egin dituzte, eta hilaren 15eko tortilla txapelketa izango da egin beharreko beste frogetako bat.
Egun bat gehiago
Beste alde batetik, jaietako egun handienetakoa den Arrantzale egunean dantza maratoia egingo dute. Euskal dantza, saltsa, batxata, line dance eta swing dantzen konbinazioagaz dantzan jarri gura dituzte herritarrak.
Aurten, jaiekin gozatzeko egun bat gehiago eskaini du txosna batzordeak. Hilaren 17a izango da txosnetako azkenengo eguna. Estropada egunean egoten den jai giroa aprobetxatu gura izan dute, eta esaterako, egun horretan egingo dute kamiseta azoka, Lameran. Euskal Herriko talde eragile desberdinek haien kamisetak ekarriko dituzte Bermeora.
Arrantzale egunaren biharamunerako prestatu duten Visca la terra ere bada egitarauko berritasuna. Herrialde Katalanagaz harremanak estutu asmoz, arratsalde kulturala egingo dute Diada egunaren bezperan, musika, dantza eta gastronomia uztartuz. Besteak beste, mural bat margotuko dutela aurreratu dute.Gainera, gaueko kontzertuen tartean, Bartzelonatik etorritako talde boluntario batek Correfoc piroteknia ikuskizun bat egingo du Lameran. Estreinako aldia izango da. Bertan parte hartu ahal izateko gutxieneko segurtasun neurriak bete behar direla nabarmendu dute, erredurarik egon ez dadin.
Inolako erasorik barik
Bestalde, txosna batzordeko kideek azpimarratu dute inolako erasorik ez dutela onartuko jaietan: «Eraso sexista, homofobo, edota sexonofoborik gabeko jaiak gura ditugu; horrelako jarrera eta jenderik ez dugu nahi».
Hala, eraso sexisten inguruko protokoloa ere landuko dute. Horretarako kartela ere sortu dute, eta bertan erasoa zer den, erasoren bat jasanez gero zelan jokatu edota laguntza telefono desberdinak sartu dituzte.
Genero ikuspegitik ahalik-eta jai parekideenak izateko saiakera ere egin dute: «Eta etorkizunean ere pentsatzen dugu genero ikuspegia lantzen segitu behar dugula».
Hemen egitaraua