Tor magoaren magia ikuskizuna ikusi ahalko da gaur, Markina-Xemeinen
Saioa 19:30ean hasiko da, eta ume zein helduei zuzenduta dagoela aurreratu dute. Doan izango da. 'Hator magiara' izenburupean, magoak ikuslegoa saioan parte hartzera gonbidatuko duTor magoak Hator magiara ikuskizuna eskainiko du gaur, 19:30ean, Markina...
Saioa 19:30ean hasiko da, eta ume zein helduei zuzenduta dagoela aurreratu dute. Doan izango da. ‘Hator magiara’ izenburupean, magoak ikuslegoa saioan parte hartzera gonbidatuko du
Tor magoak Hator magiara ikuskizuna eskainiko du gaur, 19:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Emanaldia familia osoari zuzenduta dagoela aurreratu dute. «Ume eta heldu, familia osoak gozatzeko moduko emanaldia eskainiko du Tor magoak, umorea, parte hartzea eta magia uztartuz».Mago algortarra 1982. urtean jaio zen, eta lau urte beranduago hasi zen magia munduan lehen pausoak ematen. «Noraezean nenbilen, lau urtegaz aitonak magia trikimailu bat egin zidan arte. Orduantxe erori nintzen magiaren atzamarretan».
Praktikatu eta praktikatu, teknika fintzen joan zen, bai eta han-hemenka saioak eskaintzen hasi ere.
Ingenieritza Industriala ikasten zegoen bitartean, magia ikuskizunak eskaintzen jarraitzen zuen. «Magia da nire pasioa».
Beraz, ingeniari moduan lanean hasi bazen ere, bere magiak gero eta ordu gehiago eskatzen zizkion, eta «zaletasuna» albo batera utzi zuen. «Ingeniari lana utzi nuen. Argi neukan magia zela nire bidea».
Guztira 500 emanaldi baino gehiago eskaini ditu. «Telebistan ere hainbat lan egin izan ditut kate ezberdinetan».
Esperientzia horregaz guztiagaz, gaur Markina-Xemeinen eskainiko duen saioa berezia izango dela dio. «Hator magiara ikuskizun berezia da. Umeek ez dute magia ikusi nahi, umeek magia egin egin nahi dute. Horregatik saio hau aproposa zaie; guraso eta aiton-amonentzat ere bada».