Gautegiz Arteagan Antolin Deunaren jaietan daude murgilduta
Gautegiz Arteagan zapatuan ekin zieten jaiei, Gazte Eguna ospatuz, baina jaien hasiera ofiziala atzo egin zuten txupina jaurtita. Atzo iluntzean, Artie Dantza Taldeak emanaldia ere egin zuen jaien hasiera ospatzeko.
Gaur berriz, Antolin deunaren eguna ospatzeko, goizean herritarrak ermitara joan dira, txistulariekin batera, bertan meza santua ospatzeko.
Eguerdian hainbat lagunek parte hartu dute herriko kale nagusitik egin duten jaitsieran eta kalejiran. Honen aurretik Bittor Bilbao, Gautegiz Arteagan bizi zen gernikarrari, omenaldia egin diote txistulariek. Elai Alai taldeko txistularia eta Gernika Rugby taldeko sortzaileetako bat, hainbat gaixotasunei egin zien aurre, baina duela gutxi zendu zen. Emazteari lore sorta bat eta Bilbaoren argazki bat oparitu diote omenaldian. Ostean, haurrentzako apar jaia egin dute herriko enparantzan, bazkaltzera joan aurretik.
Iluntzean berriz, Gontzal Mendibil musikariak kontzertua eskeiniko du, 22:00etatik aurrera. Gauerdian erromeria ere egongo da Haitzama taldearen eskutik.
Juan Felix Naberan alkateak deia egin die bai herritarrei eta baita eskualdeko biztanleei ere, asteburuan zehar egingo diren ekintzetara ondo pasatzera hurbildu daitezen.
Mozorro desfileak
Bestalde, bihar arratsaldean Egan talde ezagunaren erromeria egongo da. Aurretik, goizean hasi eta eguerdira bitartean tortilla txapelketan elkartuko dira kuadrillak. Gainera, jakitera eman dutenez, 17 urte arteko gaztetxoentzako sari bereziak prestatu dituzte.
Iluntzean mozorro lehiaketaren desfilea egingo dute haur eta gaztetxoek batetik, eta nagusiek bestetik. Elikagaiak gaiaren inguruan mozorrotu beharko dira herritarrak.
Domeka arratsaldean, Montorre pilota eskolako kideek partidak jokatuko dituzte. Umeen ostean nagusien txanda izango da. Ekaitz Saralegik eta Uriondok jokatuko dute Uriona eta Arrizabalagaren aurka.
Iluntzean, Mr Pitxitxi kale antzerkiagaz agurtuko dituzte jaiak datorren urtera arte. Besteak beste, aurtengo Leioako Umore Azokan Euskadiko Kale Ikuskizun Onenaren saria jaso du.
Gazte Eguna
Aurreko asteburuan ospatu zuten Gazte Egunean, gazte eta ez hain gazteak elkartu ziren, batik bat eguerdian eta gau partean. Goizean paellak prestatzen ibili ziren kuadrillak, eta triki poteoa egiteko ere astia hartu zuten askok. Bero sargoriari gerizpetan egin zieten aurre, eta giro ederrean bazkaldu zuten.
Sei paella aurkeztu zituzten paella txapelketara, eta 6 zenbakidun paella izan zen epaimahaikideen iritziz denetan onena. 1 zenbakia zuena sailkatu zen bigarren, eta biek ala biek ardo botilak jaso zituzten sari moduan.
Bertso doinu artean girotu zuten bazkalostea, eta gauean, berriz, Laukatu eta Versus taldeen rock doinuek hartu zuten plaza. Horien ostean, Urrats taldearen erromeriagaz borobildu zuten gaua. Bertako zein inguruko herritarrak bildu ziren gauean.
Asteburuko egitaraua:
BIHAR
-12:00. Tortilla txapelketan izen ematea. Puzgarriak eta jokoak.
-14:00. Tortillen aurkezpena.
-Ondoren. Herri bazkaria.
-18:00. Erromeria Egan taldeagaz.
-20:00. Gaikako gaua: Elikagaiak.
ETZI
-12:00. Puzgarriak eta tailerrak gaztetxoentzat.
-13:00. Trikipoteoa tabernetatik.
-16:30. Mus txapelketa.
-17:30. Esku pilota partidak.
-20:00. Kale antzerkia: Mr Pitxitxi.
-Ostean. Txokolatea.