Atzera kontua hasi da bermeotarrentzat, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak noiz hasiko zain daude. Jaiak ofizialki datorren eguaztenean –hilak 7– hasiko badira ere, domekan Almika auzoko jaiekin motorrak berotzen hasiko dira.
Kuadrilen jaitsiera
Xixiliren aurkezpenagaz batera hasten dira urtero herriko jai nagusiak. Hala ere, hori baino lehen, ohikoa den kuadrillen jaitsiera egingo dute Almikatik. Txosnetaraino joanda, txosnak zabalduko dituzte.
Xixiliren aurkezpena, alkatearen agurra eta txupina Goiko Plazan egingo dute aurten berriro; iaz, Taraskan egin zuten. Ordutik, egun asko izango dituzte bermeotarrek ondo pasatzeko. Izan ere, Jai Batzordeak adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala antolatu du.
Jaiak bizitzeko era berezia
Andramari eta santaeufemiak «jai herrikoiak» direla esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «herriko taldeak inplikatzen direlako, gustu ezberdinetako ekintzak antolatuta». Hala ere, Bermeoko jaiek daukaten xarma «bermeotarrek jaiak bizitzeko daukaten era berezi eta parte hartzailea» dela nabarmendu du behin eta berriro alkateak.
Jai egun asko badituzte ere, bermeotarrek maitasun berezia diote Arrantzale Egunari. Goizetik gauera arte kalean egiten dute jaia, herriko txoko guztietan giro itzela sortuz. Itsasoagaz zerikusia daukaten lagunak omentzeko tartea ere egoten da egun horretan. Aurten Marcel Bilbao Doloriaga (bateleroa), Jesus Gangoiti Asla (bateleroa), Maria Garcia Ezagirre (kordeleroa), Pili Zubia Elordui (kordeleroa) eta Juan Antonio Apraiz Koiote (arrantzaleen historialaria) omenduko dituzte.
Sukalki eguna izaten da bermeotarrentzat jaietako beste egun handietako bat; aurten, zapatuz barik domekaz egingo dute, gainera. Hala, egun horretan bermeotarrek Talan egingo dute festa.
Santa Eufemia egunean, Gaztelun biribilketak egiten
Jaietako azken eguna, hau da, Santa Eufemia eguna, baserri giroko azokagaz lotzen da, eta aurten ere ez da salmahairik faltako. Azokagaz batera, gainera, oiloen erakusketa eta abereen erakusketa izango dira, besteren artean. Gaztelun ere jai eguna izaten dute, eta hor ere omenaldirako tartea edukitzen dute. Ageda Bilbao omenduko dute aurten, Santa Eufemia eguneko azokan salmahaia jartzen duen bermeotar beteranoena.
Xixili Santa Eufemia egunean bertan erreko badute ere, aurten, irailaren 17an, zapatuan, zereginik edukiko dute herrian. Kamiseta azoka, Bermeoko olinpiaden azken proba, herri bazkaria eta kontzertuak egongo dira, beste hainbat gauzaren artean. Gainera, Bermeoko Uria ikurrina,TKE ligaren azken aurreko estropada lehiatuko da Bermeoko uretan.
Barrakak, gaurtik
Umeek eta gazteek, berriz, gaurtik martxan izango dituzte barrakak. Kokalekua mantendu egiten dute, Olatua eskulturaren inguruan. Udalak jakitera eman duenez, prezio herrikoien egunak gaur eta astelehena –irailak 5– izango dira.
Bermeoko alkateak jaiak gozatu ahal izateko «errespetua eta elkar ulertzea» eskatu du; zehazki, emakumeen askatasuna aldarrikatu du, «ez, ez dela» gogorarazita.
Hemen egitaraua egunez egun