Mutrikuko moila, jantoki bihurtuta
Gastrokulturala taldeak eskaintzen duen Kalefood Market azokak jende asko erakarri du Mutrikuko moilara. Eskaintza gastronomikoaz gain, kontzertuez ere gozatu ahal izan da.Inoiz egin ez den modura, joan den asteburuan Mutrikuko moila gastronomiaren zen...
Gastrokulturala taldeak eskaintzen duen Kalefood Market azokak jende asko erakarri du Mutrikuko moilara. Eskaintza gastronomikoaz gain, kontzertuez ere gozatu ahal izan da.
Inoiz egin ez den modura, joan den asteburuan Mutrikuko moila gastronomiaren zentro bihurtu zen. Kalefood Market ekintza estreinako egin da aurten, eta herritarren hitzetan, arrakasta eduki du.Gastrokulturala taldeak antolatuta, joan den zapatuan ailegatu zen Kalefood Market Mutrikura. Bederatzi janari furgonetak, zazpi eskulangile postuk eta bi musika taldek parte hartu zuten ekintzan. Egitasmoak jendetza erakarri zuen moilara, zapatuan batez ere.
Janari mexikarra, era guztietako kroketak eskaintzen zituen furgoneta, arraina eta patatak (fish&chips) eskaintzen zituena, saltxitxa ogitartekoak, gozotegia… Bi egunez, askotariko jakiak dastatu ahal izan dituzte bateko eta beste herritarrek Mutrikun, eguerdian hasi eta gauerdira arte. «Besteak beste, Kalefood Marketen helburuetako bat da herritarrei gastronomia modernoko jaki ezberdinak dastatzeko eukera eskaintzea», diote Gastrokulturala taldeko ordezkariek.
Horiez gain, eskuz egindako hainbat artisauren lanak ikusi edota erosteko aukera ere egon da.
Janaria saltzen zuten furgonetak ere bereziak ziren; gehienak ondo-ondo apainduta zeuden. «Ikusteko ere bitxiak dira», zioen herritar batek.
Jende iladak
Zapatuan hain bildu zen jende asko ze, afaltzerakoan, zenbait furgonetatan jende ilada luzeak sortu zirela, janari mexikarraren furgonetan, esaterako. Domekan, ostera, jende gutxiago ibili zen, eta iluntzean euri zaparrada hasi zen. Dena dela, aterpeetan babestuta, herritarrek moilan jarraitu zuten.
Gastrokulturala taldeak jakitera eman duenez, bertoko ekintzaileen lana bultzatuz, ekintzarekin herritarrei giro alternatibo batekin gozatzeko aukera eman nahi izan diete.
Postuak zabalik zeuden orduetan, gainera, bi musika taldek emanaldiak eskaini zituzten moilan bertan. «Postuak zabalik dauden bitartean eskaintzen diren kontzertuekin oraindik orain hain ezagunak ez diren tokian tokiko musika taldeei bultzada eman nahi diegu».
Bira baten hasiera
Gainera, asteburuan Mutrikun egindako ekintza Gipuzkoa osoan egingo den zirkuitu baten hasiera baino ez dela izan gaineratu dute. «Kalefood Market Donostiako Kursaalen egin zen estreinako iazko udazkenean, eta orduan, 8.000 herritar elkartu ziren. Aurten, postu berriak ipinita, eskaintza gehitu egin dugu».
Mutrikun egon eta gero, Kalefood Market Lizarran egongo da irailaren 3an eta 4an, eta ostean, Zumaian (irailak 10 eta 11), Deban (irailak 17-18) eta Donostian egongo da (urriak 15-16). «Toki horietan guztietan Mutrikuko formatu berarekin egingo da azoka», diote Gastrokulturalako kideek.
Kalefood Market antolatzeaz gain, hamasei gaztek osatzen duten Gastrokulturala taldeak bestelako ekintzak ere antolatzen ditu. Hori bai, ekintza horien guztien ardatza gastronomia da.