Adin guztientzako jai herrikoiak prest dituzte Lekeitioko Txosnek
Gaur 20:30ean zabalduko dute portuko txosnagunea, eta bihar goizean, parkea. Kontzertu, kantaldi, jolas eta kirol aukera zabalez osatutako egitaraua osatu dute elkarlaneanOztopoei muturrak erakutsi eta kolorez betetako jaiez gozatzeko gogotsu datozela ...
Gaur 20:30ean zabalduko dute portuko txosnagunea, eta bihar goizean, parkea. Kontzertu, kantaldi, jolas eta kirol aukera zabalez osatutako egitaraua osatu dute elkarlanean
Oztopoei muturrak erakutsi eta kolorez betetako jaiez gozatzeko gogotsu datozela aurreratu dute Lekittoko Txosnek. Abuztuan hasi ziren elkarlanean osatu duten egitaraua prestatzen, eta azken egunetan txosnak muntatzen ibili dira portuan zein parkean. Jai herrikoi, euskaldun, feminista, autogestioan oinarritutakoak, anitzak eta parte hartzaileak dituzte helburu.Gaur 20:30ean zabalduko dute portuko txosnagunea, eta urtero modura, zortzi egunez, sanantolinetako bilgune garrantzitsu bihurtuko dira, herriko elkarte eta norbanakoen parte hartze eta laguntzagaz. Azken egunera arte ez da musika, giro zein ekitaldirik faltako.
Parkeko gunea, zabalik
Ume, gazte, eta helduei zuzendutako ekitaldiak, aurten ere, ez dira portu ingurura mugatuko. Nahiz eta parkeko gunea momentu batean galtzeko arriskuan egon, talde motorra sendotu eta berriz ere indarberrituta dator.
Bihar zabalduko ditu ateak, eta aurten, berriz ere, txosna ere edukiko du merienda zein freskagarriak hartu ahal izateko.
Bertan burutuko diren ekitaldiei dagokienez, ezinbesteko bihurtu dira, jadanik, Farolapekuak, eta, besteak beste, Erramun Martikorenaren emanaldia entzuteko aukera egongo da beste behin ere.
Jana ere gustukoa izaten da jaietan, eta iazko arrakasta ikusita, pisto eta patata frijituak eskainiko ditu aurten Lekitto Bedarra ortulari elkarteak, eta atun errea egongo da Aittitta Makurra kuadrillakoen eskutik.
Jolasak eta kirolak ere edukiko du bere tartea, parkeko gunean. Surf eta piragua irteerez gain, bolei txapelketa eta Waterfall egongo dira aurten, adin guztientzako.
Jaiei agur esateko, umeen jolasak plazan antolatuko dituzte Lekittoko Txosnak, goizean. Arratsaldean, berriz, Marmo jantziak parkeko gunean prestatuta, Lekittoko Deabruekin batera, kalerik kale, ikara sortzen eta deabrukeriak egiten ibiltzeko gonbitea egin dute.