Portuko dike txikia handiagaz parekatzen ari dira, sendotzeko
Altuera txikiagoa duen lehen dike zatiari beste 1,5 metro altuera duen hormigoizko horma gehituko diote. 600 hormigoizko bloke botako dira dike berrituaren atzeanAlmudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura zuzendariak jakitera eman ...
Altuera txikiagoa duen lehen dike zatiari beste 1,5 metro altuera duen hormigoizko horma gehituko diote. 600 hormigoizko bloke botako dira dike berrituaren atzean
Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura zuzendariak jakitera eman duenez, dikea sendotzeko lanak egiten ari dira Ondarroako portuan. Sailburuak HITZAri adierazi dioenez, hiru lan egingo dituzte portuan: alde batetik, dike txikia handiagaz parekatuko dute; bestetik, sendotuko den dikearen parean hormigoi blokeak jarriko dituzte olatu horman; eta, azkenik, ontzitegi alboko eraikinaren teilatua konponduko dute.Garraio Azpiegitura Sailak aurreratu duenez, lanak abenduaren bukaerarako edo urtarrilaren hasierarako prest edukitzea aurreikusten dute. «Larrialdi bidea erabilita» dikearen lehen zatia konpontzea beharrezkoa dela dio Jaurlaritzak, eta negua hasi aurretik azpiegitura hori «ahalik eta baldintzarik onenetan» egotea nahi dute.
170 bat metro dike
Abuztuaren erdialdean hasi zituzten dikean egiten ari diren lanak, eta oraingoz, dikearen bi aldeak altuera berean ipintzen ari dira. Hala, altuera txikiagoa duen lehen dike zatiari beste 1,5 metro altuera duen hormigoizko horma gehitzen ari dira. Guztira, 170 bat metro dike luzatuko dituzte.
Horma luzatuta, helburua olatuek gainez egiten dutenean kalteak saihestea dela nabarmendu du sailburuak. «Neguan izan genituen azken ekaitzek hainbat kalte eragin zituzten euskal portuetan, eta hori dela eta, ia dike guztietan dauden hormen garaiera igotzea erabaki dugu».
Garraio Azpiegitura Saileko arduradunek gaineratu duenez, dikearen berregituratzea dela eta, bertan dauden eskailerak ere moldatu beharko dituzte, altuera berrira egokituz.
Era berean, 20 tonako 600 bloke hormigoi ere botako dituzte, sendotzen ari diren dike zatia babesteko. Hau da, guztira, 12.000 tona bloke gehituko dira aurretik zegoen olatu hormara.
Bloke horiek Ondarroako Udalak utzitako gune batean ari dira egiten. Zehatz esanda, Zaldupe kiroldegiko atzeko aparkaleku parean ari dira egiten, eta handik kamioietan garraiatuko dituzte portura. Blokeak urritik aurrera garraiatzen hastea aurreikusten da, eta herriko zirkulazioan ahalik-eta gutxien eragiteko, portuko arduradunak horiek nola, noiz eta zelan garrai- atu aztertzen ari dira.
Lanak uztailean esleitu zituen Jaurlaritzak, eta C. Balzola enpresak daramatza aurrera. Aurrekontuari dagokionez, 882.801,76 euroko aurrekontua edukiko dute lanek, BEZ kontuan hartu barik.
Teilatua, hilabeteko epean
Dikea sendotzeaz gain, ontzitegiaren alboko eraikineko teilatua ere konponduko dute hurrengo asteotan. Izan ere, otsailaren hasieran egondako ekai- tzak txikituta utzi zuen eraikinaren teilatua.
Konponketa lanak Edifnor Construcciones y Contratas enpresak egingo ditu, eta horretarako hilabeteko epea edukiko dutela jakitera eman dute. Lanen aurrekontua 46.297,02 eurokoa da.