30 erraldoi ikusi ahalko dira, kalez kale, zapatuko erraldoikadan
Bermeoko Abesbatzak, Alkartasuna Dantza Taldeak eta Erraldoien Konpartsak antolatuta, 'Bermio dalako gure mundue' ikuskizuna ere egongo da zapatuanHerri askotan egiten diren erraldoi eta buruhandien bilkura bereziak dira erraldoikadak. 2007. urtean egi...
Bermeoko Abesbatzak, Alkartasuna Dantza Taldeak eta Erraldoien Konpartsak antolatuta, ‘Bermio dalako gure mundue’ ikuskizuna ere egongo da zapatuan
Herri askotan egiten diren erraldoi eta buruhandien bilkura bereziak dira erraldoikadak. 2007. urtean egin zen bat Bermeon aurten, baina Bermeoko Erraldoien Konpartsak 10 urte betetzen dituela eta, zapaturako beste bat antolatu dute. Hala, konpartsa ezberdinetako 30 erraldoi ikusi ahalko dira kalez kalez.Hain zuzen ere, bost konpartsek parte hartuko dute Bermeoko erraldoikadan: Deustuko Ondalan, Santurtziko Mendialde, Donostiako Irrintzi, Iruñako Sanduzelai eta Bermeoko Erraldoien Konpartsako Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoiak.
17:30ean emango diote hasiera erraldoikadari. Ordu horretan konpartsa bakoitza herriko leku ezberdin batetik irtengo da. Sanjuanportaletik, Intxausti kaletik, Nardiz Tar Jon kaletik, Erremediotik eta Lamerako harrizko bankutik abiatuko dira, ondoren Goiko Plazan denak batera batzeko. Han, erraldoi guztiak batera dantzan egingo dute, eta handik kalejiran ibiliko dira Alde Zaharretik. 19:00etan geldialdi bat egin ostean, 19:30ean Lamerarako bidea hartuko dute. Talde bakoitzak banaka egingo du dantzan Lameran. 20:45ean Portuzarrerako bidea hartuko dute, eta amaitzeko, 21:00etan erraldoi guztiak batera dantzan egingo dute berriro Portuzarreko sarreran.
Bermeoko kaleetan giro «izugarria» sortuko dela azaldu du Bermeoko Erraldoien Konpartsako kide Joseba Batizek. Era berean, bertaratzen diren guztiek ikuskizun «polit» batez gozatzeko aukera ere edukiko dutela gaineratu du.
Urteurrenak ospatzeko
Beste alde batetik, zapatuan bertan, 22:00etan hasita, Bermio dalako gure mundue ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Artza frontoian.
Aurten, urteurrenak ospatzen ari diren herriko hiru kultur talderen artean prestatutako ikuskizuna izango da: Bermeoko Abesbatza (60 urte), Alkartasuna Dantza Taldea (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa (10 urte).
Azaldu dutenez, ezustez beteriko programa antolatu dute zapatuko ikuskizunerako. 3 euro balioko ditu sarrerak.