Txanton Pipirri, goiztiar
Santiago eta Santa Ana jaietako pertsonaia nagusia eguerdian igoko da, eta ez arratsaldean. Dantza eta kirola uztartuko dituzte Coreodance ekitaldian, monitore batek gidatutako saioanAurten Santiago Egunaren bezpera domekan jausten dela aprobetxaturik,...
Santiago eta Santa Ana jaietako pertsonaia nagusia eguerdian igoko da, eta ez arratsaldean. Dantza eta kirola uztartuko dituzte Coreodance ekitaldian, monitore batek gidatutako saioan
Aurten Santiago Egunaren bezpera domekan jausten dela aprobetxaturik, Ispasterko jaietako protagonista, Txanton Pipirri, eguerdian igoko dute, eta ez arratsaldez, orain arte egin izan dutenaren kontra.Domekan bertan, Ispasterkoek beste berritasun bategaz egingo dute topo: ginkana; «saltsa apurra» ipintzeko helburuagaz prestatutako ekimena. Eta behin Santiago Egunean sartuta, herri kirolek zaleek galdu ezinezko hitzordua daukate Santiagoko Baseliza ondoko zelaian, kirolari entzutetsuekin. Aurten, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerza mutrikuarra arituko dira aizkoran; Inhar Urruzuno ondarrutarra harri-jasotzen eta Jon Loiola Iparraldeko kiroletan, herri kiroletan zeresan handia ematen dihardutenak guztiak ere.
Egonkortu diren ekitaldiak
Dudarik ez, herrira etorri eta aspaldi ikusi gabeko senide eta lagunekin elkartu eta bazkaria edo afaria antolatzeko aprobetxatzen dituzte egunok ispastertar askok, eta aurten ere ez da desberdina izango. Bestalde, egitaruari erreparatzen diotenek urteekin egonkortzen joan diren ekitaldiak aurkituko dituzte, Santa Ana Eguneko Kros lasterketa, esate baterako, 27 urte egin ditu eta. Gazteen atalean, 8tik 16 urtera arteko neska-mutilak lehiatuko dira, distantzia desberdinetan, eta, haien ostean, nagusiak izango dira aurrez aurre, nor baino nor gehiago. 7 kilometroko ibilbidea prestatu dute mutilentzat; eta 4,8 kilometrokoa neskentzat.
Ohiko sariez gain, aparteko sariak emango dizkiete errekor berriak ezartzen dituztenei: mutilen errekor berria egiten duenari 100 euro emango dizkiote, eta nesken errekorra hausten duenari, 70 euro. Gaur egun, mutilen arteko markarik onena 21’18”da, eta nesken arteko markarik onena 16’48”-koa.
Ekitaldi beteranoen artean, badaude berritasunak ere, adibidez, Coreodance, monitore baten laguntzagaz musika, koreografia eta kirola uztartuko dituen saioa, «aldi berean gorputza mugitu eta kirola egiteko».
Soka saltoa, falta barik
Beste alde batetik, lagun artean sortu eta egitarauan leku egitera heldu den ekitaldi bat ere badago ekimenen zerrendan luzean, soka saltoa, Santanatxu Egunean. «Orain dela urte batzuk, erromeriaren atsedenean, batzuei soka ateratzea bururatu zitzaien, musikariak berriro lanean hasi aurretik. Harrezkero, soka saltoa beti egon behar da jaietan; jendea horretxen zain egoten da, eta txikienek ere ez dute etxera joan nahi izaten soka saltoa egin arte. Burutazioa izan zena, falta ezin den gauza bilakatu da, eta gaur egun egitarauan sartuta doa», azaldu dute udalean.