Gure bixigu freskue... EAJ, kalea ezin da ezabatu
Azken urteotan, Euskal Herriko portuetan arrain kontsumoan oinarritutako jaiak ugaritu dira, txibia, itsaskiak, olabarroa edota antxoa eta berdela aitzakiatzat hartuta, adibidez.Arrainaren festak ospatzen ditugun aldi berean, euskaldunok atzerritik eka...
Arrainaren festak ospatzen ditugun aldi berean, euskaldunok atzerritik ekarritako gero-eta arrain gehiago kontsumitzen ari gara. Zergatik gertatzen da hori? Alde batetik, Euskal Herriak ez duelako arrantza politika zehatzik; bestetik, arrantzatzen den arrainaren portzentaje handi bat, «deskarte» eran hilik itsasora botatzen delako, portura iritsi aurretik. «Deskarte» horiek, jaten ez ditugun arrainez osatuta, itsasontziak harrapatutako arrain guztiaren %50 izatera iristen dira sarri. Hemen inguruko arraina bota eta ozeano ezberdinetan arrantzatutako espezieak jaten ari gara, nondik datozen jakin ere egin gabe. Eta, gainera, arrain arrotz horien festak antolatzen ditugu.
Aurreko asteburuan, bixiguaren inguruko festa antolatu berri da Orion. Bixigu hori kanpotik ekarri dute, Azores, Marruekos edota Gibraltardik, adibidez. 80ko hamarkadara arte, oso arrain preziatua izan zen bixigua euskal kostaldean. 1980. urtean, adibidez, Hondarribian 367.328 kilo eta Bermeon 372.000 kilo porturatu ziren. Baina hamarkadaren erdialdetik aurrera, arrantzatutako bixiguaren kopurua jaisten hasi zen, eta poliki-poliki, desagertzen joan da. Egun, ale gutxi batzuk besterik ez dira arrantzatzen. Besteak beste, arte depredatzaileen erabilpenagatik eta etorkizuneko arrantzaz kezkatu beharrean epe motzera begira aritzeagatik desagertu da bixigua euskal kostaldetik.
Egoera tamalgarri honi erantzuteko administrazioari neurri zehatzak har ditzala irmoki eskatzen diogu. Gure arrantzaguneetan bixigua eta gainontzeko arrainak berreskuratzeko arrantza iraunkorra eta jasangarria suspertu dezan, arte depredatzaile industrialak hamabi miliatik kanpora atera ditzan eta hamabi miliatik barrura berriro ere tresna artesanalak bakarrik erabili daitezen. Hemengo espezieak berreskuratuta, gure elikadura bertoko arrainaren kontsumoan oinarritzeko aukera izango dugu. Bestela, gai izango al gara gainontzeko espezien etorkizuna bermatzeko? Legatzarena, zapoarena edota oilarrarena, adibidez?
Agintariei aitzakiak jartzeko epea bukatu zaie! Guk, elkarte bezala Jaurlaritzari eskatzen diogu txosten zientifikoetan oinarrituz arrantza politika berri bat defenda dezala eta Madrildik eskumenak bereganatu ditzala. Arrantza politika berria beharrezkoa da, bioaniztasuna bermatu eta galtzorian dauden espezien errekuperazio planak aurrera ateraz.
Arduratuta gaude. Koldo Goitiak jokaera tamalgarria erakutsi du emakumeen zapalkuntza estetikoaren aurkako horma irudia ezabatzerakoan. Osoko bilkuran galdera egin genion gertatutakoari buruz eta «herria garbi mantentzeko» promesari jarraiki egin omen dute. Ez hori bakarrik, herrian dauden irudi guzti-guztiak ezabatzeko asmoa dutela adierazi zuen, gainera. Denak banan-banan. Tamalez, ezagunegiak zaizkigun jokaera autoritarioak bueltatu dira udalera. EAJk nahiago du postal polit batean bizi, eta muzin egiten die herriko sentsibilitate ezberdinei.
Kalean egiten diren irudiek funtzio garrantzitsua dute. Herritarren identitatearen eraikuntzan laguntzen dute, pil-pilean dauden auziak ikusgai bihurtzen dituzte. Hondartzako muralarekin norma estetikoetan sartzen ez diren emakumeak lasai egon zitezkeen bikinian. Irudi askatzailea zen. Hori ezabatzeak emakumeen aurkako zapalkuntzari begirunerik ez izatea esaten du. Eta gainerakoak ezabatzen hasten direnean, beste horrenbeste mezu zentsuratuko dituzte. Zoritxarrez, mezu hori ematen da herriko aldarriak isiltzen saiatuta.
Eta hori gutxi balitz, EAJk herriko eragile feminista nagusia udal batzordetik «joatea» lortu du. Arduragabekeri politiko galanta, eta galera izugarria. Aldi berrietara egokitutako EAJ ireki, moderno eta tolerantea historikoki ezagunegiak diren jarrera atzerakoiak hartzen ikusi dugu berriz. Herritarren eskaerak «zikinkeria» moduan tratatzen. Herriaren interesak defendatzeko herritarrekin batera egin behar da lana. Gure eskaintza argia da: kalean daude erantzunak, eta bide horretan lan egin nahi dugu, bidera animatzen den edozeinekin. Eupada bana eman nahi genieke herriko eragile eta mugimendu ezberdinei. Adieraztea librea da. Ez hormak eta ahoak isilduz.
Edriga Aranburu. Lekeitioko EH Bilduren izenean.