Bizi bizirik datoz santixauak
Kontzertuak, pilota partidak, probak, afari eta paella jan herrikoiak eta askoz gehiago izango dituzte etxebarritarrek santixauak ospatzeko. Asteburu borobila dute aurretik, ekintzaz betetako egunak, hilaren 26ra arte.Gaur bertan eztanda egingo dute ja...
Kontzertuak, pilota partidak, probak, afari eta paella jan herrikoiak eta askoz gehiago izango dituzte etxebarritarrek santixauak ospatzeko. Asteburu borobila dute aurretik, ekintzaz betetako egunak, hilaren 26ra arte.
Gaur bertan eztanda egingo dute jaiek Etxebarrian. Herriko Guraso Elkarteak antolatzen duen danborradagaz hasiko dira festak. Egunak entsegatzen ibili eta gero, danborrak aterako dituzte kalera herriko ume, gazte eta nagusiek. Ibilbidea urterokoa izango da, Manuela Zubizarreta Herri Eskolaren atzeko auzotik irten eta Erbera kalean zehar joango dira, herriguneko auzoak alaitzera, Adiskide fanfarriak lagunduta.Etxebarriko Gazte Asanbladakoak ere antolakuntza lanetan ibili dira aurten ere, eta euren eskutik datoz gaur gaueko kontzertuak. Eskean Kristo, Kop eta Huntza taldeek joko dute Peñanekua plazako agertokian. Aurretik, gainera, afaria egongo da frontoian, eta nahi duenak eskura izango ditu txartelak Erlatx, Otsolo, Olaia eta Irubide tabernetan.
Jubilatuen elkarteak antolatuta, berriz, 80 urtetik gorako herritarrak omenduko dituzte aurten; eta horrez gain, bazkari jendetsua egingo dute domekan frontoian, musika eta guzti.
Film laburren emanaldia
Udalak antolatuta, film laburren lehiaketa egin da, estreinako, Etxebarrian. Irabazlea santixau jaietan aukeratuko dute, epaimahaiaren eta ikusleen iritzia kontuan hartuta. Azken egunean emango dituzte filmak.