Kamiseta azoka antolatuko dute, andramarietan
Bermeoko Txosna Batzordeak kamiseta azoka antolatuko du aurten, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Aipatu azoka Euskal Herriko elkarte mota ezberdinei, Gobernuz Kanpoko Erakundeei edota serigrafia tailer txikiak dituztenei zuzendutakoa izango da.«E...
«Euskal Herrian ehunka dira arropak eta bestelakoak saltzen dituztenak, baina askotan ez dute aukera zabalik izaten materiala saltzeko. Serigrafia tailerrak martxan jartzen dituzten herriko sortzaileak ere haimaikatxo dira. Mota honetako esparruak bultzada txiki-handiak izan daitezke azpiegitura edota marka ezagunei aurre egiteko», azaldu dute antolatzaileek.
Irailaren 17an egin gura dute kamiseta azoka. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 16an amaituko badira ere, 17an TKE ligaren azkenaurreko estropada lehiatuko da Bermeoko uretan. Beraz, «jai giroa eta esparru guztietako jendea etortzea» espero dute. Azoka Lameran jarriko dute; herriko erdigunean, eta txosna gunearen aurrean, hain zuzen.
Kamisetak baino gehiago
09:00etatik 10:00etara egin ahal izango dute muntaketa. Azoka, berriz, 10:00etatik 15:00etara izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, kamiseta azoka izango bada ere, eskaintza hori egonda, bestelako gauzak saltzea ere baimenduko dute: zapiak, prakak, liburuak, diskoak…
Bermeon lehenengoz egingo den kamiseta azokan parte hartu gura duten horiek abuztuaren 26 baino lehen eman beharko dute izena; tokiak mugatuak dira. Parte hartzaile bakoitzak 20 euroko diru ezarpena egin beharko du hurrengo kontu korronte zenbakian: ES70-3035-0034-04-0341114253.
Behin azokan egonda, dirua itzuliko diete parte hartzaileei. Fidantza jartzerako orduan, taldearen izena eta herria zehaztu beharko dira.
Informazio gehiago gura duten horiek busturialdea.askapena@gmail.com helbide elektronikora idatzita eskuratu ahalko dute.