'Game of Thrones' Bermeon grabatuko dute
Euskal Herriko bi leku aukeratu ditu HBOK Game of Thrones telesaileko zazpigarren denboraldiko eszena batzuk grabatzeko; Bermeo eta Zumaia.
Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Bermeoren kasuan, Gaztelugatxeko San Juaneko inguruen identitatea eta berezitasuna izan dira HBO kateak apustua egiteko arrazoi nagusiak.
Aldundiak Game of Thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko irudiak eta sekuentziak Bermeon filmatzea lurraldearentzat ona dela adierazi du gaur. Diotenez, Game of Thrones moduko ikus-entzunezko ekoizpen arrakastatsuek eragin positiboa sortzen dute jarduera ekonomikoan eta enpleguan; gainera, turistak eta bisitariak etortzea bultzatzen dute.
Game of Thrones-en zazpigarren denboraldia azken aurrekoa izango da, eta zazpi atal izango ditu. HBOk ohar batean iragarri duenez, 2017ko udan estreinatuko dute. Espainiako, Islandiako eta Ipar Irlandako beste eszenategi batzuetan ere grabatuko dituzte atal horiek.
Zumaian egingo dituzten grabaketen berri eman badute ere, ez dute jakinarazi Bermeon noiz hasiko dituzten grabaketak, baina baliteke urriaren 26tik aurrera izatea, Zumaiakoekin batera.