Santiago egunez, 18:30etatik aurrera lehiatuko dute Axpe auzoan Bizkaiko Harrizulatze Ligaren seigarren jardunaldia, Bizkaiko sei herri kirol taldek. Hain zuzen ere, astelehenekoa izango da Busturialdean jokatuko duten saio bakarra.
Txapelketa osatzen duten zortzi jardunaldietatik bost saio egin dituzte dagoeneko, eta Ereño Gerandape Herri Kirol Taldea nagusitu da orain arteko jardunaldi guztietan.
Zapatuan Santurtzin lehiatu zuten bosgarren jardunaldia. Ereñoko taldeak 15 zulo, 5 zm eta 2 mm-ko marka lortu zuen. Aldai Alde Trapagarango taldea sailkatu zen bigarren (14z 9 zm eta 2mm) eta Burdin Gazteak talde ortuellarra izan zen hirugarrena (12z, 8 zm eta 9mm).
Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeak eta Santurtziko Kabiezesek marka bera egin zuten: 11z, 12zm eta 5mm.
Errekatxo talde barakaldarra sailkatu zen azken postuan, 8 zulo, 11zm eta 5mm osatuta.

Argazkia: Bizkaiko Herri Kirol Federazioa.
Sailkapen buru
Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, behin-behineko sailkapenenean lehen postuan sendo mantentzen da Ereño Gerandape HKT. 72 zulo, 8 zm eta 2 mm-ko marka pilatu dute. Kabiezes da sailkapeneko bigarrena (63z, 11zm eta 7mm), eta Aldai Alde hirugarrena (63z, 4zm eta 6mm).
Bestalde, Piratak HKT sailkapeneko bosgarrena da, 59 zulo, 10 zm eta 1mm-gaz.
Asteleheneko Busturiako saioaren ostean, Bilbon lehiatuko dute zazpigarren jardunaldia, eta azken saioa Trapagaranen izango dute.