World Tour-eko txapelketa jokatuko dute, Mutrikun eta Markina-Xemeinen
Finalerdiak Malen Egunean jokatuko dira Mutrikun, eta finala Markina-Xemeinen jokatuko da, hilaren 29an. Etorkizuneko pilotarien eredu bihurtu nahi du txapelketakMutrikun eta Markina-Xemeinen jokatuko den Jai Alai World Tour-eko Master Seriearen aurkez...
Finalerdiak Malen Egunean jokatuko dira Mutrikun, eta finala Markina-Xemeinen jokatuko da, hilaren 29an. Etorkizuneko pilotarien eredu bihurtu nahi du txapelketak
Mutrikun eta Markina-Xemeinen jokatuko den Jai Alai World Tour-eko Master Seriearen aurkezpena egin zuten atzo, Mutrikuko udaletxean. Pilota jaialdian, hain zuzen ere, gaur egungo zesta-punta jokalaririk one- nak bikoteka lehian ikusteko aukera egongo da.Gernika Jai Alai enpresaren eskutik, World Tour-eko Master Serie bat jokatuko da bi herrietan. Zehatz esanda, uztailaren 22an, Malen Egunean, Master Serieetako finalerdiak jokatuko dira, 22:30ean, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Eta astebete beranduago, uztailaren 29an, finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak jokatuko dira Markina-Xemeingo Unin, 22:00etatik aurrera.
Aurkezpean Erik Mendizabal, Ibon Aldazabal, Ortzi Goiri Txasio eta Xabi Barandika txapelketan parte hartuko duten pilotariak egon ziren. Eta eurekin batera, Josu Mugartegi Markina-Xemeingo zesta-punta eskolako ordezkaria, Jon Mendizabal Goixerri Mutrikuko Danok Bat zesta-punta klubeko ordezkaria, Isabel Mandiola Markina-Xemeingo Garapen zinegotzia, Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo kirol zinegotzia eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea ere egon ziren.
«Ohore handia»
Mutrikuko alkateak eta Markina-Xemeingo kirol zinegotziek nabarmendu zutenez, maila goreneko puntistak batzen dituen finalerdi eta final bat euren herrietan jokatzea «ohore handi bat» da, eta zale guztiak kantxak betetzera gonbidatu zituzten. Aipatu zutenez, gainera, horrelako txapelketekin etorkizuneko pilotarien eredu bihurtu nahi dute, eta horretarako, Xistera moduko egitasmoak beharrezkoak direla nabarmendu zuten.
Mutrikun ikusi ahal izango den finalerdietako lehengo partidan Alex Hormaetxea bermeotarrak eta Unai Lekerika gernikarrak osatutako bikoteak Diego Beaskoetxea eta Mikel Amigorena gasteiztarren aurka jokatuko dute. Beaskoetxea gaur egungo Binakako txapelduna da, eta udan jokatzen diren txapelketa garrantzitsuenak irabazi zituen iaz.
Bigarren finalerdian, ostera, Erik Mendizabal mutrikuarrak eta Ibon Aldazabal berriatuarrak osatutako bikoteak Xabi Barandika gernikarraren eta Ortzi Goiri Txasio markina-xemeindarraren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Profesional mailan debuta egin zuenetik Mutrikun jokatu gabe egon da Mendizabal, eta herrian berriro jokatzeko gogotsu dagoela nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean. «Profesional modura debutatu nuenetik ez dut hemen jokatu, eta ilusio handia egiten dit berriro herrian jokatzeak. Txapelketara begira, gainera, mutrikuarrentzat ere herritar bat jokatzen ikustea erakargarria izan litekela uste dut».
Daniako Jai Alai frontoian jokatzen du puntista mutrikuarrak, eta azken hilabeteotan marka guztiak hautsi ditu. Lau aldiz irabazi du Hiruko Koroa (azkena, ekainean), eta azken urteotako pilotaririk onena bihurtu da.
Aurrelari mutrikuarrarekin bikotea osatuz, Ibon Aldazabal ariko da. Berriatuarra gaur egungo Binakako txapelduna da Beaskoetxearekin batera, eta Daniako pilotalekuan jokatu duen azken denboraldian atzelari onenaren titulua ere jaso du.
Aldazabalek ere txapelketa jokatzeko gogotsu dagoela adierazi zuen. «Mutrikuk eta Markina-Xemeinek jokalari onak eman dituzte, eta hemen jokatzeko aukera izatea denontzat da polita eta berezia»
Aurkari gogorrak izango dituzte. Barandikak eta Txasiok ere Danian jokatzen dute. Txasio, esaterako, Daniako atzelaririk onenetakoa dela diote.
Set-etara
Txapelketaren arduradunek iragarri dutenez, finalerdia eta finalak set-etara jokatuko dira. «15 tantoko bi set jokatuko dira, eta berdinketa egonez gero, hirugarren bat jokatuko da, bost tantora».
Sarrerei dagokienez, Mutrikuko finalerdietarako sarrerak 10 eta 12 euroan salduko dira, eta final handikoak, 15 euroan. Leihatilan ez ezik, telefonoz deituta ere egin ahal dira erreserbak: 634 42 65 88 (Mutriku) eta 688 81 37 75 (Markina-Xemein).