Izaro uhartearen jabetza aldarrikatzera hurbilduko dira bermeotarrak hilaren 22an, Madalen Egunean. Urtero modura, aurten ere kolorez eta festa giroz beteko dira bai irlaren inguruak, bai eta Bermeo, Elantxobe eta Mundakako herriak ere, hiru herri horiek baitira uztailaren 22an protagonista.
Bermeoko alkatea teila botatzen
Madalen Eguna da Busturialdeko jairik kresaltsuena, eta festa giroa nagusi bada ere, tradizioz josita datorren festa da, eta aurten ere urteroko egitarauari eutsiko diote. 12:00etan abiatuko da itsas prozesioa Izarorantz, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, teila botako du Bermeoko alkateak, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak berarenak direla gogorarazteko. Aurten, alkateak itsasora jaurtiko duen teila “berezia” izango da; hain zuzen, Alde Zaharreko sutean kaltetutako Bermeoko udaletxearen teila bat izango da jaurtiko duena.
2013ko suteak kaltetutako Bermeoko udaletxea 1733. urtean eraiki zen, eta babes berezia duen kultura-ondare modura katalogatuta dago. Horregatik, eraiikina berreraikitzea “ezinbestekoa” dela esan du Bidegurenek: “Udaletxeko teila bat jaurtitzea pentsatu dugu, udaletxearen egoera zein den nabarmentzeko eta berreraikitzeko duen beharra azpimarratzeko”
Elantxoben, Jesus Maria Olagibel alkateak herriko makila emango dio Bermeoko alkatieri, ordu batzuetarako. Ohi legez, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egingo dute.
Mundakako, Bermeoko eta Elantxobeo alkateak eta Unai Rementeria ahaldun nagusia, Elantxoben
Herrira bueltan, arratsaldean, Mundakan egingo dute ohiko geldialdia. 19:30ak inguruan iritsiko da udalbatza Bermeora, herritarrekin batera festa giroan jarraitzeko asmoz. Aurten, berriro, Goiko Plazan egingo dituzte aurreskuak eta zabaletakoak, banderak igo ostean.
Madalen Eguna, baina, Baztarreko jaiek girotzen dute urtero, eta aurten ere, egun osoko egitaraua prestatu dute Madalen bezpera ospatzeko.
Udalbatzagaz ontzian
Herritarrek ere Izaro eta Elantxoberainoko itsas bidaian parte hartzeko aukera izango dute. Izan ere, Bermeoko Udalak Madalen egunean udalbatzagaz batera itsasontzian Madalen jaia ospatzeko aukera emango du, zozketa bidez. Parte hartu gura dutenek Berh@z bulegora jo beharko dute uztailaren 18a baino lehen.
Eskabidea egiteko 18 urte baino gehiago izatea eskatzen dute, eta Bermeon erroldatutakoek soilik parte hartu ahalko dute zozketan. Izena banaka edo bikoteka eman daiteke, eta pertsona bakoitzak behin bakarrik eman dezake izena. Aurreko urteetan Izarora joateko aukera izan dutenek ezingo dute aurtengo zozketan parte hartu.
Zozketa uztailaren 20an egingo dute, eta udalaren webgunean eta sare sozialetan zabalduko dituzte irabazleen izenak.
EGITARAUA
Uztailak 21, eguena.
Baztarreko jaiak.
– 11:00. Itsas Bataioaren hasiera, Arrantzaleen Museoan. Museora bisita eta irteera itsasontzian.
– 11:00. Txokolatada eta umeentzako jolasak.
– 12:30. Ipuin kontalaria.
– Eguerdian, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatuta, X. Madalen bezperako bazkaria, Bermeoko Kafe Antzokian. Gura dutenek, Lezamiz botikan eman beharko dute izena.
– 18:30. Kankinkabara txistu taldearen kalejira.
– 19:00etatik aurrera, sardinada herrikoia.
– 19:30. Bermeoko kantak bermeotarrek abestuta, Baztarren.
– 19:30etik aurrera, Bermeoko fanfarrea herriko kaleak girotzen ibiliko da.
– 20:30. Emanaldia: Baztarreko jaiak.
– 21:00. Txotxongiloak.
– 22:00. Rock kontzertuak: The C.O.D, Aneguria eta La Basu.
Uztailak 22, eguaztena.
Madalen Eguna.
– Goizean, Kankinkabara Txistu taldea herriko kaleetatik ibiliko da kalejiran.
– 10:45ean. Udalbatza batuko da, Santa Eufemia elizara elkarregaz joateko.
– 11:00etan, meza nagusia Santa Eufemia elizan.
– 12:00etan, itsasontzietara igoko dira, eta itsas prozesioan abiatuko dira Elantxobera. Bidean, Izaro uhartean egingo dute geldialdia. Izaron, ikurrina eta Bermeoko bandera jarriko dituzte, eta, ondoren, alkateak teila botako du.
– 14:00ak inguruan, Elantxobera iritsiko dira itsasontziak. Bertan, Elantxobeko plazan, Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariek ohorezko aurreskua egingo diete agintariei (Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko alkateei).
– Eguerdian, Elantxoben bazkalduko dute.
– 18:00etan, Elantxobetik aterako dira itsasontziak, Mundakara joateko.
– 19:30ak inguruan iritsiko dira itsasontziak Bermeora. Udalbatza Sabino Arana enparantzara (Goiko Plaza) Bermeotarrak fanfarreagaz batera, banderak igoko dituzte, eta, ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak dantzatuko dituzte.
– Geuk eus Bideo-photocall karpa 18:00etatik 21:00etara, Lameran.
– Gauean, musika Portuzarrean eta Talan.