Hirugarren urtez jarraian, Urdaibai nagusitu da Bizkaiko Txapelketan
Hirugarren urtez jarraian Urdaibaik irabazi du Bizkaiko Traineru Txapelketa. Herenegun Lekeition lehiatu zuten txapelketa hamar arraun talde bizkaitarrek.20 minutu, 51 segundo eta 65 ehunenetan amaitu zuen estropada talde bermeotarrak. Iaz moduan, aurt...
20 minutu, 51 segundo eta 65 ehunenetan amaitu zuen estropada talde bermeotarrak. Iaz moduan, aurten ere Kaiku sailkatu da bigarren, eta Zierbena hirugarren. Urdaibairengandik bost segundo eta 65 ehunenera amaitu zuen lehia Kaikuk.
Urdaibai eta Kaiku izan dira azken urteetako faborito nagusiak, eta biek ala biek ez zuten hutsik egin. Bou Bizkaia-ko arraunlariek estropada bikaina burutu zuten, beste behin, eta denboraldi honetako lehen bandera astintzea lortu zuten.
Etxeko taldeak laugarren amaitzea lortu zuen iaz bezala. 21 minutu, 48 segundo eta 77 ehuneneko denbora egin zuen Isuntzak.
Ondarroa, berriz, seigarren sailkatu zen, Urdaibairengandik minutu bat, 42 segundo eta 86 ehunenera.
Bizkaiko Txapelketa lehiatu ostean, zein bere ligan ariko dira asteburuan. TKE ligan, VII. Bilboko Bandera lehiatuko dute bihar, 18:00etatik aurrera.
Domeka eguerdian, berriz, Getxoko Estropaden 38. Ikurrina-JA Agirre Lehendakariaren XII. Omenaldian ariko dira lehian.
TKEren sailkapenean, Urdaibai bigarrena da sailkapenean Hondarribiaren atzetik. 54 puntu dauzka talde bermeotarrak; sailkapenburua hiru puntura dauka.
Bestalde, KAE 1 ligako taldeek estropada bakarra dute asteburuan.
Bihar, 13:00etan hasita IX. Bixigu Eguna Ikurrina jokatuko dute Orion. Lau luze eta hiru ziabogako erlojupekoa izango da.
KAE 2koek ere lau luze eta hiru ziabogako erlojupekoa dute bihar, Errenterian. 17:30ean hasiko da Errenteriako Hiria IV.Ikurrinaren lehia.
Etzi, berriz, Algortako Portuzaharra XIII. Ikurrina jokatuko dute, 14:00etatik aurrera.