Iaz Karmen Egunean egin bazuten ere, aurten, Arrantzaleen Museoak Madalen bezpera aukeratu du itsas bataioa egiteko. Lehenengo aldiz itsasoratzen diren horiei zuzendutako ekimena dela diote Arrantzaleen Museoko arduradunek.
Hainbat lagun iazko itsas bataioan. Argazkia: Arrantzaleen Museoa
Itsas Bataioan parte hartzen duten horiek itsasoko ohiturak eta jaiak ezagutzeko aukera izango dute lehenik eta behin, eta Arrantzaleen Museoa bisitatzeko aukera ere izango dute. Ondoren, Hegaluze itsasontzia hartu eta Izarora eta Elantxobera irteera egingo dute.
Uztailaren 21ean, parte hartzaileak 11:00etan batuko dira Arrantzaleen Museoan bertan, eta adin guztietako lagunentzako egokia dela azaldu dute antolatzaileek.
Plazak, baina, mugatuak dira; beraz, derrigorrezkoa da aurretiaz izena ematea. Izena emateko azken eguna domeka izango da, uztailaren 17a. Arrantzaleen Museora hurbilduta, 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta edota
arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus-era idatzita eman ahalko da izena.