Bermeoko Udalak,
Barrueta Arte elkartearen eta
Bittor Uriarte historialariaren laguntzagaz,
mural berri bat egin du
Talakoetxeako plazatxoan.
XVIII. mende amaierara arte Talakoetxeatik
zegoen ikuspegia irudikatu gura izan dute batetik, eta, bestetik, arte lan horren bitartez,
Alde Zaharreko gune hori edertu gura izan dute. Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak azaldu duenez, “Edertze Planaren baitako beste ekimen bat da Talakoetxean egin dutena”.
Urkidi eta Lazpiur, hormairudiaren aurrean
Ikuspuntu historikoa Bittor Uriartek jarri dio muralari; artistikoa, ostera, Barrueta Arte elkarteko Pedro Lazpiurrek. Ondoren,
Josu Urkidi margolari bermeotarraren lana izan da Lazpiurrek egindako
‘Ametsetan’ izeneko margolana islatzea Talakoetxeako orube horretan.
Aerografia teknika erabilita egin du murala Urkidik, eta
pintzela ere erabili duela esan du zenbait tarte egiteko. Kolore horiek erabili dituztela azaldu du, margolanaren izenak dioenez “ametsetan gaudela ematen duelako”. Aldamioa 3-4 astetan jarrita egon bada ere,
7 egun behar izan ditu Urkidik hormairudia egiteko.
XVIII. mende amaierara arte Talakoetxea kalean, iparralderantz dauden etxebizitzak baino ez zeudela gogorarazi du Uriartek. Kalearen izena ere beste bat zela aipatu du: Talagutxia. Talaia edo begiraleku txiki bat baitzen gune hori. Hala, garai haretan, leku horretatik zegoen ikuspegia irudikatzea izan da asmoa; Bermeo zelakoa zen erakusteko.
Talakoetxeako hormairudia “
elkarlanean egindako lanaren emaitza” dela esan du Ormaetxeak. Horretan parte hartu duten guztiek
“pozik” agertu dira emaitzarekin, eta Ormaetxeak gaur egindako aurkezpena aprobetxatu du parte hartu duten guztiei eskerrak emateko.