Ibarrangelutarrek barikuan hasi eta martitzenera arte ospatuko dituzte Santamañe jaiak.
Barikuan, 22:00etan hasiko da Nevadah-ren emanaldia, eta gauerditik aurrera dj saioa izango dute, goizaldera arte dantzan aritzeko.
Zapatua mozorro eguna izango da, eta horixe da aurtengo jaien nobedade nagusia. “Lehenengoz antolatu dugu, eta bertokoei zein inguruko herritarrei mozorrotuta etortzera animatu daitezen eskatzen diegu”.
Arratsalderako umeen jolasak prestatu dituzte, eta gauean Oxabiren erromeriak girotuko du Akordako plaza.
Domekan, eguerdiko mezaren ostean, Lorea herriko dantza taldeko umeek saioa eskainiko dute, eta trikitilariak ere egongo dira.
Arratsaldean, berriz, karaokea egingo dute Akorda tabernako terrazan.
Astelehenean, Santamaña eguneko meza ospatuko dute Santa Maria Engraziaren elizan, eta arratsaldean briska txapelketa lehiatuko dute.
Akorda tabernan eman behar da izena briska txapelketan parte hartzeko, eta momentuz inor apuntatu ez denez, baliteke bertan-behera geratzea.
Martitzen eguerdian herri bazkarian batuko dira herritarrak. “Kuadrillek etxetik prestatuta ekartzen dute janaria, eta gero elkarrekin bazkaltzen dute plazan. Normalean, gazteak batzen dira kanpoan, eta nagusiek tabernan bazkaltzen dute”.
Arratsaldean, D,Capricho talde kubatarraren kontzertuagaz amaituko dituzte jaiak.
Ahizpa kubatarrek balada, rock eta reggae doinuen nahasketa ekarriko dute Akordara. Kultura kubatarraren eta euskal kulturaren arteko fusioa izango da. Izan ere, haien azken diskoan hiru olerkari euskaldunen berbak sartu dituzte: Leire Bilbao, Arrate Mardaras eta Miren Agur Meabe.
EGITARAUA:
BARIKUA:
- 22:00: Nevadah
- 00:00: Dj-a.
ZAPATUA (MOZORRO EGUNA):
- 18:00: Umeen jolasak.
- 22:00: Oxabi erromeria.
DOMEKA:
- 12:30: Meza.
- 13:00: Lorea dantza taldearen emanaldia eta trikitilariak.
- 18:00: Karaokea.
ASTELEHENA (SANTAMAÑE EGUNA)
- 12:30: Meza.
- 18:00: Briska txapelketa.
MARTITZENA:
- 14:00: Herri bazkaria.
- 19:00: D’Capricho Kubatik.