Euskal Artzain Txakurren erakusketa egingo dute Busturian zapatu honetan. Axpe auzoan egiten dute urtero lehiaketa, eta aurtengoa 23.a izango da.
62 parte hartzaile izan ziren iaz Busturian, eta 53 izango dira aurten, gutxi gorabehera. 10:00etan emango diote hasiera lehiaketari, erregistro berriekin. Ostean, ardiekin gaitasun proba egin beharko dute lehiaketara aurkezten diren artzain txakurrek. Izpiluetan egingo dute gaitasun proba hori. Iaz, Gorbeia arrazan, Jose Mari Jauegiren Leze izeneko txakur arra izan zen onena. Iletsuen kategorian, bestalde, Jose Jabier Alzerrekaren Sua txakur emea nabarmendu zen.
12:00etan egingo dute ikurriña jartzea, edertasun probarekin hasi aurretik. Dagoeneko arrazaren erregistroa duten txakurrak aurkez daitezke edertasun probara. Iazko edizioan Gorbeia arrazadun txakurren artean Ferrari de Pardarri artzain txakur arra hartu zuen ederrenaren saria; Iletsuen artean, berriz, Ilargi txakur emea izendatu zuten denen artean ederrena. Biak ere, Juan Antonio Maizarenaren txakurrak ziren.
Sari banaketa 13:30ean egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Kumeak ere
Iaz 62 izan ziren erakusketara aurkeztu zituzten txakurrak; horietatik, 16 artzain txakurren jabeek jaso zuten beraiena arrazako artzain txakurra delaren ziurtagiria. Erregistro berrietan, Gorbeia zein?iletsu arrazako txakurrak identifikatu zituzten epaimahaikideek. Hain zuzen ere, Gorbeia arrazako 5 ar eta 6 eme erregistratu zituzten iaz Busturian; eta Iletsu arrazako 3 ar eta 2 eme.
Era berean, txakurkumeen ere bere lekua izan zuten iazko edizioan, eta aurten ere izango da bat edo beste. Euskal Artzai Txakurra Elkarteak (EATE) jakitera eman duenez, kumeak ez dira lehiaketara aurkeztuko, baina erakusketan parte hartzeko auker dute, epaimahaikideek baloratu dezaten. EATEren esanetan, txakurrak gutxienez hamabi hilabete izan behar ditu erregistroa lortzeko.
Dena den, kumeen balorazioa ere egingo dute, eta sariak izango dituzte.
Artzain txakurren arrazaren biziraupenerako lan egiten du EATEk, eta erakusketa monografikoak garrantzitsuak diren arren, elkarteak dio are garrantzitsuagoa dela artzain txakurraren erregistroa dutenengandik jaiotako txakurrak ere erakusketetara aurkeztea. Hartara, jabeek ere bere ekarpena egin dezakete arrazaren iraupenerako.
Erakusketagaz batera jartzen zuten azoka ekologikoa irailaren 24an egingo dute, sasoi horretan genero gehiago dagoelako.