Bariku iluntzean hasi eta domeka iluntzera arte,
…eta paisaia hitz egin zen lemapean ospatuko dituzte aurten Eako Poesia egunak. Kantaldiak, solasaldiak, errezitaldiak, kontzertuak, hitzaldiak… Eskaintza zabala dakarte aurten ere Herrijeri Emon Arnasa taldekoek.
“Paisaia hitzen bidez adierazten dugu, baina ez bakarrik hitza bere zentzu bakarrean; orokorrean hitza egin zen literaturan, hitzaldietan, errezitaldietan, kantaldietan… Paisai hori hitzaz gain musika ere izango da, fotograma izango da, irudia bera ere izango da… Paisaiaren iruditegi hori nola adierazi dugun euskarazko gure munduan esan nahi du lemak”, azaldu du Karmele Larrinaga Herrijeri Emon Arnasa taldeko kideak.
Paisaiaren adiera asko batuko dituzte Eako Poesia Egunek. Halaber, askotariko kultur adierazpideen eta askotariko sortzaileen topaleku izango da beste urte batez Ea. Gainera, zapatuan Bedaronan eta domekan Natxituan herri bazkarian batuko dira sortzaile zein ikusleak. Berriketarako, elkar ezagutzeko zein esperientziak elkartrukatzeko aukera paregabea izango dira bazkariak beste behin.
“Herria osorik hartzen ahalegintzen gara; herria bera ere, paisaia guztia topaketa honen oinarri edota oholtza egiten dugu”.
Topaketaren irudia sortzearen ardura duen Erramun?Mendibe Landaren grabatua ere paisaiaz mintzo da:
Paisaia betirako joan da; hor zaude zu. “Eta guk hor gaude gu diogu, paisaia horretan hor gaude gu; gu ere paisaia horren parte garelako”.
Topaketagaz hasteko, bariku iluntzean Josu Martinezek eta Iratxe Fresnedak euskarazko lehen filma,
Gure Sor Lekua (André Madré, 1956) oinarri hartuta Euskal Herrian zinema nola erakutsi den azalduko dute, zenbait fotogramen bidez.
Martinezek aurkitu zuen soinua falta duen pelikula eta haren inguruko dokumentala eta tesia egin ditu.
Gauean, berriz,
Andrazkubak emanaldia eskainiko dute D’Capricho ahizpa kubatarrek.
Balada, rock eta reggae doinuen nahasketa proposatzen dute, eta kultura kubatarraren eta euskal kulturaren fusio berezia ekarriko dute Eara. Izan ere, haien azken diskoan hiru olerkari euskaldunen berbak sartu dituzte: Leire Bilbao, Arrate Mardaras eta Miren Agur Meabe.
Egun pasa egiteko aitzakia
Beste behin zapaturako egun pasa ederra proposatu dute Eako Poesia Egunen sortzaileek.
Lutxo Egiaren berba eta Inunen musika eta ahotsagaz hasi, eta Mursego eta Kalakan taldeen kontzertuagaz gauerdira arte sormena usaindu ahalko da udalerriko bazter guztietan.
Hiri hori da hiri hau hitzaldia Earako propio eskatu dute, eta paisaia, Bilbo eta literatura lotzen ditu. “Badakigu Bilbo aitatzen badugu gure erreferentean Gabriel Aresti datorkigula”. Eta haren ondorengo Bilbo ekarriko du Eara Egiak, bertaratutakoen imajinarioa zabalduz.
Orain dela bi urte Bide Ertzean taldeak moilan eskaini zuen kontzertua.
Eguerdian Pako Aristik bere azken poesia obraren errezitaldia egingo du Itziar Gomezegaz, poesia eta prosa uztartuz.
Arratsaldean ere Eako Poesia Egunetarako beren beregi prestatu duten
Baltza nazela dineure errezitaldia eskainiko dute hamar emakume sortzailek, Mursegoren doinuek lagunduta.
Izenburu hori duen antzinako kopla eta Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburua oinarri hartuta, haren pentsamendua euskarara ekarri dute, haien ikuspegi propioagaz.
Hitzaldi eta errezitaldiakaz batera, iluntzean, esaterako,
Ardoa eta Odola ikuskizunaz, ardoak jarriko du “poza eta mina”.
Gasteizko Hala Bedi irratiko Celosamente Gorbea irratsaioko Gaizka Amondarainen eta Manex Agirreren letrei, Joseba Baleztenak, Ander Mujikak, Miren Narbaizak eta Jon Aranburuk jarri die musika, eta Marco Bianchiren irudi eta soinu moldaketekin lortu duten emaitza ikusi gura dutenek Eara bertaratzerik baino ez dute.
Gauerako Mursegoren eta Kalakanen elkarlanaz gozatzeko gonbita luzatu dute HEA-ko kideek: “Beste leku askotan izan dira bidelagun eta Ean ere hala izango da. Lehenengo Mursegoren emanaldia egongo da, gero Kalakanena eta amaitzeko biena”.
Bestalde, domekan
Landa Eremua Literaturak Kontatua hitzaldian Elurre Iriartegaz Baztan “bukoliko” horretatik azkeneneko urteetan hain ezaguna egin den Baztan beltza horretara jausi egingo du.
Eguerdian,
Gaizki moldatzen dira kontzertua eskainiko dute Iñigo Astizek, Garik eta Oier Aldekoak. Elkarrizketa bat proposatzen du hirukoteak; Gariren kanta eta Astizen poema zahar eta argitaratu gabeei, Aldekoaren ahotsak eta piano doinuek lagunduko diete.
Harrikadie eta Zaldiarria
Babeserako kopiak errezitaldiagaz emango diete amaiera aurtengo Eako Poesia Egunei. Goizalde Landabasok, Galder Perezek eta Ane Zabalak umore ikutu bategaz memorian barrena bidaiatuko dute , iraganera, orainera eta etorkizunera. “Dena delakoa gertatuta ere, zer gorde edo nor izan den gogora dezaten iradokitzen digu izenburuak”.
Errezitaldiaren izenburu bera duen Landabasoren liburuan oinarrituta burutuko dute saioa. “45 minututan gure barreneko kobazuloetan bizi diren munstroak ezagutuko ditugu, gure ariman sendatuko ez diren orbainen zantzuak”.
Topaketagaz batera,
Zaldiarria argitarapena ere kalean da, eta asteburuan eskuratzeko aukera egongo da; oraingoa zazpigarren argitalpena da. Iaz Earako propio sortutako
Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean Alaitz Aizpururen hitzaldia bildu dute.
Era berean, hiru egunetan
Harrikadie berripapera banatuko dute. Egitaraua eta ekitaldiei zein sortzaileei buruzko informazioa jasotzen du. “Hitza oinarri hartuta eremu askotan eta sorkuntzaren alor askotatik hartuta egiten ditugu gure ekitaldiak”.
Egitaraua eta ekitaldien inguruko informazioa
www.eakopoesiaegunak.eus atarian dago, eta baita sare sozialetan ere:
@Eakopoesia (twitter) eta
Eako Poesia (facecbook).
Jose Angel Lasaren eskultura
Bestalde, Jose Angel Lasa eskultore gipuzkoarraren (EHUko Arte Ederretako fakultateko eskultura irakaslea) bat-bateko kolaborazioa dute aurten.
Horizonte urdina izeneko eskultura jarriko dute ikusgai, Eskolondoko 2. solairuan.
Herrijeri Emon Arnasa taldetik jakitera eman dutenez, barikutik domekara, Eskolondon egingo dituzte ekitaldien ordutegian bakarrik ikusi ahalko da.
EGITARAUA:
BARIKUA:
- 20:00. Gure sorlekua fotogrametan solasaldia, Josu Martinez eta Iratxe Fresnedarekin. Eskolondoko liburutegian.
- 22:30. D’Caprichoren, Andrazkubak kantaldia. Eskolapen.
ZAPATUA:
- 11:00. Hiri hori da hiri hau hitzaldia.Lutxo Egia (hitzak) eta Inun (musika eta hotsak). Eskolondoko liburutegian.
- 13:00. Arrotz eta eder, poemak eta prosak errezitaldia, Pako Aristi eta Itziar Gomezekin. Portusolon.
- 15:00. Herri bazkaria, Bedaronan.
- 17:30. Baltza nazela dineure errezitaldia. Parte hartzaileak: Eider Rodriguez, Lorea Agirre, Anari, Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Maialen Lujanbio, Ainara Lasa, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte eta Mursego. Bedaronan.
- 20:30. Celosamente Gordea, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoirren, Ardoa eta odola (Wino i crew) ikuskizuna. Jesuseko elizan.
- 22:45. Mursego eta Kalakan taldeen kontzertuak. Eskolapen.
DOMEKA:
- 11:00. Landa eremua literaturak kontatua hitzaldia. Hizlaria: Elurre Iriarte. Eskolondoko liburutegian.
- 13:00. Iñigo Astiz, Gari eta Oier Aldekoaren, Gaizki moldatzen dira kontzertua. Moilan.
- 15:00. Herri bazkaria, Natxituko bolatokian.
- 17:30. Babeserako kopia errezitaldia. Parte hartzaileak: Goizalde Landabaso, Galder Perez eta Ane Zabala. Natxituko bolatokian.