Bermeoko Udalak euskarazko abizenak euskal grafiagaz idazteko kanpaina abiarazi du
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak euskarazko abizenak euskal grafiagaz idazteko Euskaraz gara sentsibilizazio kanpaina abiarazi du. Modu “erraz” batean herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita izan ahal dutela adierazi du Euskara Saileko zinegotzi Juan Karlos Agirrek. Hala, hori egitera animatzen ditu herritar guztiak.
Kanpaina berri horren bidez, euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita edukitzeko eman beharreko hiru pausuak jasotzen dituzten esku-orriak banatuko dituzte. Agirrek azaldu duenez, “euskarazko abizena euskal grafiagaz idazteko kanpaina Euskara Aholku Batzordean landu dute aurten”. Eskuorri horiek, hortaz, udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, udal liburutegia, Gizarte eta Kultura Etxea eta kiroldegia) eta bake epaitegian aurkitu ahalko dira. Gainera, ikastetxeetan eta osasun etxean ere eskuragai egongo dira. Euskara Aholku Batzordean parte hartzen duten eragileek Euskaraz gara kanpainan inplikatzea “oso positiboa” dela dio Agirrek: “kanpaina horretan parte hartuz, euskararekiko duten konpromisoa adierazteko modu bat da”.
Eman beharreko pausuak
Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita edukitzeko eman beharreko pausuak hiru direla zehaztu du euskara zinegotziak. Interesa duenak lehenik eta behin, erregistro zibilera edo bake epaitegira joan beharra du eta abizena euskal grafiaz jarri nahi duela esan eta ematen dioten eskaera orria bete beharko du. Horregaz batera eraman beharko ditu nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), familia liburuaren fotokopia (seme-alabak izatekotan) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia (16 urtetik gorakoak badira). Prozesu “erraza” da Agirreren arabere.
2015ean, 37 espediente
2010. urtean hasi ziren kanpainak egiten, eta “eraginkorra” dela adierazi du Agirrek. Jakinarazi duenez, 2015ean 37 espediente izapidetu ziren.
Bestalde, epaitegietan egiten diren beste izapide batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogorarazi du. Esaterako, epaitegietan erregistratzen diren jaiotza, ezkontza eta heriotzak euskaraz egin daitezke, eta horiek egiterako orduan euskara erabiltzera gonbidatu ditu herritarrak.