Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskara Sailak antolatzen duten irakurleen txokoak
amaiera eman dio lehenengo etapari, eta balorazio “
guztiz positiboa” egin dute. Urritik aurrera, etapa berri batekin hasiko dira, eta
etapa berri horretan
Alaine Agirre idazle bermeotarrak egingo ditu
dinamizatzaile lanak.
Miren Agur Meabe bisitatu zuten Lekeition. Argazkia: Bermeoko Udala
Irakurleen txokoaren ibilbidea
2011ko urtarrilean hasi zen. Urte hauetan guztietan Isa Castillo izan da ekimenaren dinamizatzailea. Azaldu dutenez, ikasturte bakoitzean, batez beste, zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egin dute parte hartzaileek. “Hasierako taldea txikia izan bazen ere, hazten joan da urteekin; azkenean,
15 lagun inguru batu dira irakurleen txokoan”, azaldu dute antolatzaileek. Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak ere egin dituzte, Bermeon zein idazleen herrietan.
Modu horretan, irakurleen txokoko parte hartzaileek, Axel Luzarraga, Jasone Osoro, Irati Jimenez, Arrate Egaña, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe eta Alaine Agirre idazleen eta Maite Gurrutxaga ilustratzailearen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute, bai eta idazleekin berba egiteko eta euren lanari buruzko iritziak, kezkak eta bestelakoak adierazteko aukera izan ere.
Parte hartzaileek “oso ondo” baloratu dituzte idazleekin izandako hartu-emanak: “oso interesgarria izan da idazleak ezagutzea eta euren herrietan eurekin egotea. Topaketa horiek euren lana hobeto ulertzeko eta ezagutzeko aukera paregabea eskaini dute”.
Bermeoko Euskara Saileko arduradunen esanetan, “irakurleen txokoaren
lehenengo etapak helburuak bete ditu; hau da, euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatu ditu, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera eman dira, talde egonkorra lortu da, eta partaideen eta dinamizatzailearen artean konfiantza giroa sortu da”.
Urriaren 19an ekingo diote etapa berriari Alaine Agirregaz. Garai berria “oparoa” izango dela uste dute.