Aurten ere
Eskoziako arranoak ekarri dituzte Urdaibai Bird Centerrera, hegazti hori berreskuratzeko proiektuaren baitan. Asteburuan heldu dira Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentrora. Zaindu eta artatu egingo dituzte lehenbizi, eta gero askatu.
Eskoziako gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordioari esker, laugarren urtez heldu dira arrano arrantzaleak Gautegiz Arteagara.
Bost urteko epean 60 hegazti ekarriko dituzte, urtean hamabi. Arranoak Eskozia iparraldean dagoen Moray inguruko habietan batutako hegazti gazteak dira. Bertan, 300 bat bikote ugaltzaile daudela estimatzen dute adituek.
Arrano gazteak bere habietatik hartu, eta beren osasun egoera ebaluatu ondoren, Abeerdinetik Madrilera eraman dituzte, Londresetik pasatuta. Bidaiak guztira 24 ordu iraun ditu eta momentu oro adituen parte hartzearekin egin dute.
Arranoak Aranzadi Zientzi Elkarteko teknikarien zaintzapean egongo dira, hegan egin eta arrantzatzeko gai diren arte. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Orain, Urdaibai Bird Centerreko teknikari eta laguntzaileek kudeatutako habia artifizialetan sartu dituzte hegaztiak, aklimatazio prozesurako, eta
abuztuaren hasiera arte izango dituzte horietan, askatu aurretik. Behin libre daudenean, teknikari eta laguntzaileek arrainak utziko dizkiete hezeguneko toki konkretuetan, arranoek janaria eskuragarri izan dezaten; izan ere, oraindik ez dira arrantza egiteko gai izango. Arrantza teknikak garatu eta hegan ondo egiteko gai direnean, hegoaldera joango dira, eta Afrikan dagoen Guineako golkoan igaroko dute negua.
Apirilean, 2013an askatu zuten arrano arrantzale bat
bueltatu zen Urdaibaira. Hiru urteko ar gaztea ugaltzeko sasoian dagoela adierazi zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek.