Turismoak ekonomian duen pisua geroz eta nabarmenagoa dela kontuan hartuta,
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak eta Urdaibai Bird Centerrek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur. Hala, Gernika-Lumo eta Urdaibai markak turismo arloan lehiakorragoak izan daitezen lan egingo dute.
Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko turismo zinegotzia, Jose Mari Unamuno Bird Centerreko zuzendaria, Juan Felix Naberan Urdaibai Bird Center erakundeko presidente eta Gautegiz Arteagako alkatea eta Amaia Garcia Turismo Bulegoko arduraduna izan dira gaur elkarren arteko hitzarmenaren berri eman dutenak.
Aliantza horren erakusgarri dira turismo bulegoan jarri dituzten bi pantailak. Batek,
paduraren irudiak erakutsiko ditu, denbora errealean. Besteak, zentroaren aurkezpena erakutsiko du. Baliabide horien bidez,
teknologia berriak aplikatu nahi izan dituzte, eskualdeak turismo alorrean duen ahalmena balioan jartzeko.
“Gernikara datozen bisitarien
egonaldia luzatzea dugu helburu, horrek ekonomian izango duen eraginarekin jabetuta”, azaldu du Iñigo Magunagoikoetxeak.

Jose Felix Naberan, Iñigo Magunagoikoetxea eta Jose Mari Unamuno, Turismo Bulegoan jarritako bi pantailekin.
“Gernika-Lumo Urdaibaiko atea da, eta hemen egotea itzela da guretzako”, adierazi du Jose Mari Unamuno Urdaibai Bird Centerreko zuzendariak. Bird Centerrari buruz galdetzen duten bisitari kopurua handitu egin dela nabarmendu du Unamunok, baina hazten jarraitzeko, zentroak beste erakunde batzuekin lotura izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du. Horren harira,
Birdflyway proiektuarekin duen lotura adierazi du, proiektu horren bitartez Urdaibai Bird Centerrera doazen bisitariei Gernika eta Busturialdeko beste toki batzuk bisitatzea proposatzen batiete.
Unamunok adierazi du iaz
28.000 bisitari inguru izan zituztela, eta aurten bisitari kopuruak gora egitea aurreikusi dutela.
Gernika-Lumoko turismoaren datuei dagokienez, iaz
63.864 bisitari zenbatu zituzten, eta aurtengo lehen sei hilabeteetan ia 30.000 turista zenbatu dituzte. “Iazko datuekin konparatuta, 8.000 bisitari gehiago izan ditugu aurten, denbora tarte berdinean. Beraz,
iaz baino turista gehiago etorriko direla aurreikusi dugu“, azaldu du Magunagoikoetxeak.
Turista horiek hobeto zaintzeko, Aste Santutik urrira arte, Turismo Bulegoa goizeko 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, etenik gabeko ordutegian. Ohiko turismo zerbitzuak eskaintzeaz gain, Urdaibai Bird Centerrera txango bat ere emango diete aukeran.