Manifestazioa egin dute gaur Gernika-Lumon, ELAk deituta. Busturialdeko langileek hiru eguneko greba egin dute –uztailaren 6tik 8ra–, eta gaur Bizkai osoko 200 langile baino gehiago batu dira protestara. Besteak beste, lan baldintza prekarioak salatu dituzte. Etxez etxeko laguntza ematen duen enpresa “aberasten” ari den bitartean, langileen lan baldintzak gero eta kaxkarragoak direla salatu dute.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak azpikontratatuta duen Urgatzi S.L. enpresak kudeatzen du laguntzen zerbitzua, eta, kontratu finkoa duten 24 langileetatik 11 lanaldi erdira daudela salatu dute. “Lana badago” –diote ELAko delegatu diren Alicia Lizaso eta Belen Barandak– , “baina langile horien lanaldia osoa egin ordez, aldi baterako langileak hartzen ditu enpresak”. Gaur egun Busturialdean etxez etxeko laguntza behar dutenen itxaron zerrenda dagoela kritikatu dute, eta aldi baterako beharginek lan ordu asko pilatzen dituztela. ELA sindikatuak esan du aldi baterako 13 langileek 4.700 lan ordu egin zituzten 2015ean, eta aurten kopuru hori gainditu dutela dagoeneko. “Lanaldi erdira dauden zenbait langilek kontratua handitzeko eskatu dute, baina enpresak ukatu egin die, lanik ez dagoela argudiatuta”, diote delegatuek. Horrez gain, salatu dute aldi baterako kontratuetan zehazten den ordu kopuruetatik gora lan egiten dituztenak ez dituztela kotizatzen. “Ez du zentzurik”, diote langileek, eta Urgatzi enpresaren kontrako salaketa jarri dute epaitegian.
Langileei lanaldi osoko kontratua egin ordez, aldi baterako langileak hartzen ditu enpresak”
Gernika-Lumoko Udalaren jarrera ere salatu dute langileek. Esan dutenez, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidentzia horren menpe dagoen arren, langileen eskaerak ez dituzte kontuan hartzen. Enpresarekin hitzarmen kolektiboa negoziatzeko bitartekaari lanak egiteko eskatu diote langileek mankomunitateari, baina ez dute laguntzarik jaso. “Mankomunitatea da etxez etxeko zerbitzuaren arduraduna, eta berau diru publikoarekin eta gaixo dauden pertsonen senideen diruarekin ordaintzen da”, dio ELAk. “Hala ere, arazoa kanpotik ikusi gura du, eta ardura osoa azpikontratatuta duen Urgatzi enpresaren esku utzi du”. ELA sindikatuak inplikazioa eskatu die erakunde publikoei. “Diru publikoarekin ari dira ordaintzen enpresa pribatu bat, eta enpresa horrek ez du inbertitzen ez erabiltzaileengan ez langileengan. Horregatik, inplikazioa eskatu gura diogu mankomunitateari, enpresak diru publikoa zertan inbertitzen duen kontrolatu dezala”, azaldu dute bi delegatuek. “Langile bakoitzak gure autoa enpresaren zerbitzura jarri behar dugu, eta mankomunitatean dauden 17 udalerrietara mugitu behar izaten gara. Kilometro asko dira, horrek gastu bat dakar langileentzat, eta gure soldatatik ordaindu behar dugu”, salatu dute.
Diru publikoarekin ari dira ordaintzen enpresa pribatu bat, eta enpresa horrek ez du inbertitzen ez erabiltzaileengan ez langileengan”
Horrez gain, zerbitzua hartzeko zain daudenen itxaron zerrendak arintzeko eskatu diote mankomunitateari. “Gu enpresaren jarreraren biktimak gara, baina laguntza behar duten familia eta pertsona horiek ere biktima dira”, azpimarratu dute. Laguntza behar duten guzti horien artean bat da Cesar Carmona, menpekotasuna duen 29 urteko gaztea. Haren amak azaldu duenez, semeak ezin du mugitu laguntzarik gabe. Etxez etxeko laguntzaileen zerbitzua badu, baina ordu gehiagotan beharko lukeela azpimarratu du. Carmonari laguntza ematen joaten den behargina greban da – izena ez du eman nahi L.B.-k–, baina atzo eta gaur Carmonaren etxera joan behar izan du, gutxieneko zerbitzuak bermatzeko. Hain zuzen, greba egunetarako Eusko Jaurlaritzak exijitutako gutxieneko
zerbitzuak “gehiegizkoak” direla kritikatu izan du ELAk.
Etxean menpekotasuna duen norbait dutenen egoera ere kritikatu du etxez etxeko langile horrek. “Kostu ekonomikoaz gain, senide horien egoera emozionala ere kontuan hartu beharko litzateke. Deskantsua behar dute, baina deskantsu hori hartzeko nahikoa laguntzarik ez dute”. Sorbaldako lesioa du Cesar Carmonaren amak, eta etxean laguntzailerik ez duenean bere senarrak eta berak mugitu behar dute semea. “Laguntza orduak handitzea eskatzen dugu, ez ditzatela murrizketa gehiagorik egin”, dio.