Kortsarioak eta margolanak
‘Los tremendos de Kanala’ liburuaren 80. urteurrena ospatzeko, Ignacio Ipiña margolariaren Urdaibaiko paisaiek eta liburuko pasarteek osatutako erakusketa antolatu dute, iraganera bidai bat proposatuz.
Urdaibaiko iraganari begirada bat proposatuz, Los tremendos de Kanala liburuaren 80. urteurrena baliatuz, erakusketa bat antolatu dute Kanalako Gizarte Etxean. Ignacio Ipiña margolariaren Busturialdeko paisaiekin batera, Juan de Irigoien Gerrikabeitia idazlearen liburuko pasarte batzuk euskaratu dituzte, elkarrekin irudimenezko bidaia bat proposatuz iraganeko Busturialdera.
Anton Gandarias erakusketaren dokumentazioaren arduradunak azaldu bezala, erakusketa horren abiapuntua udako eguerdi batean sortu zen, ea baten batek Los tremendos de Kanala irakurrita zeukan galdetu zuenean. Orduan, Ignacio Ipiñaren seme Mikel Ipiñak aitaren margolanak zituela esan eta erakusterako gaia azaldu zitzaiela dio Gandariasek. Gautegiz Arteagako Udalari proposamena egin eta baiezkoa izan zutenean, Ipiñaren hamairu margolan aukeratu zituzten, liburuaren pasarteak irudikatzeko.
Amaia Zabala eta Ines Gandarias izan dira liburuko pasarte horiek bizkaierara itzultzeko ardura hartu ztuenak, eta jatorrizko testuekin batera, antzinako idazmakinaz luma paperean idatzita aurkeztu dituzte erakusketan.
Bertan, Foru Liburutegiak emandako Bizkaiko antzinako mapak ere badaude, testuinguruan kokatze aldera. Haiekin batera, 1936an liburuaren argitalpenaren berri eman zuten egunkariak; plazaratu diren edizio ezberdinen azalak ere ikusiko dituzte bertaratzen direnek.
Ohitura nobela
1936ko uztailaren 8an, Bizkaiko itsas nobela azpititularragaz argitaratu zuen Juan de Irigoien Gerrikabeitiak Los tremendos de Kanala liburua. Garaiko garapen urbanistikotik kanpo zegoen Bizkaiko kostaldea erakusten duen ohitura nobela da; Mortero Mastranga eta Muskullu itsasgizonen abenturak kontatuz, eskualdeko eta kostaldeko herrietako bizimoduaren berriz emanez.
Kanalakoa zen Don Nicolas de Arrotegi eta Gaztañaga Bizkaiko deabruaren aginduetara Animas itsasontzian Cuba eta Filipinasen itsaslapurretan ibili ondoren etxera bueltatu zireneko abenturak kontatzen dira.