Agirrebekoa izan da aurtengo txakolin onena
Domekan Foruan ospatu zen Urdaibaiko Txakolin Dastaketaren XX. egunean, eskualdeko txakolin eta ardo zuri guztien parte hartzea egon zen, baina Muxikako Agirrebekoa upategiaren txakolina izan zen bertaratutako sommelierrei gehien gustatu zitzaiena.
Dastaketa Foruko Muinogorri elkarte gastronomikoak antolatzen du urtero, baserriko eskualdeko produktuak ezagutzera emateko asmoz.
Gautegiz Arteagako Kerixene eta Kortezubi Marko izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren.
Sormarka duten txakolinetaz gain, urtero egiten den lehiaketa horretara ekoizle txikien ardo zuriak ere aurkezten dira, eta urte batzuetan ezustekoak ere egoten direla aitortu dute antolatzaileek. Aurten hamazortzi ekoizle egon dira dastaketan; «nahikotxo, gurea bezalako eskualde txiki batentzat», azaldu du elkarteko Enrike Agorriak.
Adituen aldetik, berriz, Bittor San Miguel, Roberto Gonzalez, Javier Calzada eta Jon Andoni Rementeria sommelierrak izan ziren ardoak dastatu eta ebaluatzeko arduradunak. Rementeriaren iritziz, Busturialdean oso maila ona dago txakolinari dagokionez.