San Pedro gogoan hartuta
Festazale amorratuenek jairik jai ibiltzeko aukera izan dute azken egunotan. Sanpedroak ospatu dituzte Munitibarren, Lekeition, Berriatuan, Mutrikun eta beste hainbat auzotan.Ohiturei eutsita, San Pedro jaiak ospatu dituzte egunotan festazale amorratue...
Festazale amorratuenek jairik jai ibiltzeko aukera izan dute azken egunotan. Sanpedroak ospatu dituzte Munitibarren, Lekeition, Berriatuan, Mutrikun eta beste hainbat auzotan.
Ohiturei eutsita, San Pedro jaiak ospatu dituzte egunotan festazale amorratuenek Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean.Munitibarren, esaterako, plaza bete jende bildu zen zapatuan egin zituzten ospakizunetan. 14 kuadrilla, zein baino zein paella goxoagoa egin asmoz batu ziren, giro alaian. Goizean hasi ziren paellak prestatzen, eta 14:00ak alderako azken ikutuak egiten zenbiltzan. Eta ordu berean hasi ziren bazkarirako mahaiak jartzen ere.
Gaiari buelta batzuk eman eta gero, eta euririk ez zuela egingo esperoz, plazan egin zuten azkenenean herri bazkaria. 210 lagun elkartu ziren, udalaren mahai estreinatu berrien bueltan. Giro ederra izan zen nagusi, ohi legez.
Arratsaldeak magia ikuskizuna eta Fritanga elektrotxarangaren doinuak ekarri zituen. Erromeria eta DJ sesioagaz amaituko zen eguna.
Jaien azken egunean, ostera, dantza saioa, San Pedro Txapelketaren pilota finalak eta Prest Gaude! antzerkia egin zituzten.
Era berean, iazko jaietan egin modura, herriko artisten lanak ikusteko aukera egon da erakusketa gelan. Pascual del Rioren koadro errealistak eta Jesus Belaustegiren zeramika eta egurrezko eskulturak egon dira ikusgai egunotan.
Lekeition, bestalde, kresaletan bustita ospatu dituzte sanpedroak. Zapatuan Untziola Egur Lan taldeak antolatuta, 80 kiloko batelak gidatu zituzten Zinga Txapelketaren parte hatzaileek. Hirugarrenez antolatu zen txapelketa, eta bertan parte hartu zutenak bederatzi izan ziren. Giro ederrean joan zen txapelketa, animo, txalo eta broma artean. Untziola Egur Lan taldeko Iñigo Gezuragak ipini ditu gatza eta piperra mikrofonoa eskuan zuela, eta alboan eduki zuen Jatxin Albizu taldekidea.
Joxemi Bedialauneta eta Inax Bedialauneta Papardo anaia mutrikuarrak iaz leheneko eta iazko Euskal Herriko txapeldunak, hurrenez hurren eta Asier Gezuraga lekeitiarra izan ziren lehen txandako parte hartzaileak: Joxemi Bediauneta nagusitu zen, erraz. Beste bi txanda jokatu ziren ostean; handik, Jonatan Goitiz (Lekeitio) eta Iban Areso (Elantxobe) sailkatu ziren finalerako.
Ohorezko txandan ere erraz nagusitu zen Bedialauneta; 53 segundotan egin zituen bi luzeak. Goitiz izan zen bigarrena (1:01), eta Bizkaiko Txapelketa jokoan egonik, berak eroan zituen Bizkaiko txapela eta Euskal Herriko txapelketarako txartela. Iban Areso elantxobetarra ere Euskal Herriko final nagusian egongo da; 1:27ko denbora behar izan zuen. Gipuzkoako Txapelketarik ez da jokatu aurten, baina Lekeition eskuratutako garaipenak finalerako txartela eman zion Bedialaunetari.
Gazitzearen sekretua
Portu eremua atzean lagata, limoneruetan Salazoi Eguna ospatu zuten zapatuan. Antxoa gazitan zelan egiten den erakutsi zuten herriko emakumeek, eta nahi izan zuenak ikasteko aukera ere eduki zuen; eta ikasi nahi horrek saria izan zuen, gainera. Asko izan ziren limoneruen gerizpean bildu direnak, antxoa goxoz egindako pintxoak jaten.
Arratsaldean, itsasadarrera egin zuten irteera, nabigazio librean; eta gauak Euskadiko Ikasle Jazz Orkestraren kontzertua ekarriko zuen plazara.
Domekan agurtu zituzten sanpedroak Lekeition, Batel tradizionalen V. San Pedro estropada eta guzti.
Berriatuko Anaitasuna elkarteak San Pedro jaietan herriko umeei eskaintzen dien bazkarian 58 ume bildu ziren eguenean. Ostean, jolasetan parte hartu zuten umeek; apar festa ere egin zuten. Jaiak domekan amaitu zituzten, 85 eta 90 urte betetzen dituztenei eta urrezko eztaiak egin dituztenen omenezko bazkariagaz.
Mutrikuko moilan, aldiz, zapatuan ospatu zuten kostaldeko zaindariaren omenezko jaia. Bentalekuan, adibidez, aurreko egunean arrantzatutako arrainekin egindako enkante erreala egin zuten. Bertaratutakoek hamar bat arrain sorta eskuratzeko aukera izan zuten.
Tortilla txapelketa eta guzti
Lumon ere ospakizun handiak egin dituzte. Zapatu goizean tortilla txapelketa egin zuten. Auzotarrek zortzi tortilla aurkeztu zituzten, eta Tipi-tapa taldearena izan zen onena. Irabazleek 50 euroko saria eraman zuten etxera. Ondoren, herri bazkaria egin zuten, 60 bat herritarren parte hartzeagaz. Arratsaldean, idi proben ostean, batukada emanaldia egin zuten Bilboko Batukale taldekoek.
Jaiak domekan amaitu zituzten oinezko martxa, marmitako txapelketa eta futbolin lehiaketagaz.
Elantxoben eta Ziortza-Bolibarko Arta, Mendatako Marmiz eta Zarrabentan eta Muxikako Ibarruri auzoetan ere sanpedroetan ibili dira asteburuan.