Boxeoa odolean daramatela dirudi Andoni Dominguez aita-semeek eta Maider Dominguez arreba eta izebak. Pasioz bizi duten kirola da, eta Kepa Sabin entrenatzaileari esker, boxeoa maitatzen ikasi dutela diote.
Aurtengo maiatzaren 20a ez dute sekula ahaztuko Domingueztarren etxean. Ring berean borrokatu ziren aita-semeak eta biek ere gairapena lortu zuten, etxeko zaleen gozamenerako.
Bermeoko Artza pilotalekuan aita-semeen borrokaldiez gozatu zuten bertan bildukotako milaka zaleek. Esperientzia “ahaztezina” izan zen: “Oso polita izan zen; borrokaldiak primeran atera zitzaizkigun. Askok gogoa zuten gure borrokaldiak ikusteko, eta boxeoa gustuko ez duten eta sekula borrokaldi bat ikusi gabeko bermeotar asko etorri ziren”.
Halaber, aita-semeek datorren astean Espainiako txapelketa lehiatuko dute A Coruñan (Galiza), eta hitzordu horretarako buru-belarri entrenatzen dabiltza egunotan. Aitari aurreko astean jakinarazi zioten txapelketan parte hartzeko aukera zuela. “Ez nuen dudarik izan. Ez da borrokaldi erraza izango, baina ring-ean dena emango dut, horretarako entrenatzen baitut”.
Ez da ohikoa aita-semeak txapelketa berean (kategoria desberdinetan) lehiatzen ikustea, eta albisteak ikusmina sortu du eskualdeko zaleen artean.
Urrezko domina etxera
“Buru belarri entrenatzen ari gara, eta urrezko domina Galiziatik Bermeora ekartzea espero dut”, dio gazteenak.
Semea aurten hasi da txapelketetan parte hartzen, aitak, berriz, hiru urte daramatza amateurretan lehian: “Orain dela lau bat urteko kontua da. Futbolean jokatzen nuen, eta hura utzi, eta boxeoa probatzea pentsatu nuen. Sekula ez nuen borrokaldi bat ikusi, baina probatu eta asko gustatu zitzaidan”.
Bermeoko gimnasio batean hasi zen entrenatzen, baina han lehiatzeko aukerarik ez zuenez, Erromon zabaldu berri zuten Bunker gimnasioan eman zuen izena. Urtebete entrenatzen eman ostean, lehiatzen hasi, eta Bizkaiko txapelketan debutatu zuen orain dela hiru urte.
Aita entrenatzen ikusita, semeari ere barruko grina piztu zitzaion eta probatzea erabaki zuen. “Aurretik beste kirol asko egin nituen, baina, kontaktu-kirolek erakartzen nindutenez boxeoak atentzioa eman zidan”.
12 urte zituen boxeoan hasi zenean, eta 15 urtegaz lehiatzen hasi berri den arren, dagoeneko Junior mailan Bizkaiko eta Euskadiko Euskadiko Welter txapelduna izatea lortu du.
Arreba, ostera, orain dela sei hilabete hasi zen entrenatzen. Debutatzeko desiatzen dago, baina, begian duen arazo baten ondorioz, berak nahi baino gehiago luzatzen ari da debutatzeko unea. “Oraindik asko dut ikasteko, baina ondo moldatzen naizela ikusi dut. Osasuna denaren gainetik dago, eta ez dut nahi arriskatu. Baina lehiatzeko aukerarik ez badut ere, erakustaldiren bat egiteko gogo itzela dut”.
Erromoko gimnasioan 50 bat lagunek entrenatzen dute, eta horietatik bost dira emakumezkoak: “Gero eta neska gehiago gara; heldu nintzenean bakarra zegoen. Apurka-apurka animatuz doaz”.
“Hasi nintzenean ez zegoen orain besteko zaletasunik. Borrokaldiak ikusteko jendetza batzen da; kiroldegiak edo frontoiak betetzen dira. Espero dugu horrela jarraitzea; gero eta gehiago egotea”, zehaztu du nagusiak.
Arrebaren berbetan, oraindik ere jende askok boxeoa kolpeak ematea bakarrik dela uste du; ez dute kirol moduan hartzen: “Boxeoak gauza asko biltzen ditu. Fisikoki egoki mantentzen ikasten dugu, dieta osasungarria dugu, aurkaria errespetatzen dugu. Baina ez da fisiko kontua bakarrik; burua argi izatea ere garrantzitsua da.Taktikak lantzen ditugu, eta zertan huts egiten duzun ere jakin behar duzu”.
Jendarteak apurka-apurka boxeoa baloratzea espero dute. “Jendeak ez du boxeo kulturarik; bi pertsona elkarri joka dabiltzala baino ez dute ikusten. Espektakulu moduan ikusten dute, ez kirol moduan”, azaldu dute.
Saio teoriko-praktikoak egiten dituzte Sabin entrenatzaileagaz, eta hura “giltzarria” izan dela diote.
Asko miresten dute eta ikasitakoa asko eskertzen diote. “Horrelako entrenatzailerik barik ez genuke ezer lortuko. Egiten duena maite du eta hori transmititu digu. Gutaz asko arduratzen da, eta lan izugarria egiten du. Entrenamenduetan beti gauza berriak ikasten ditugu; hobetzen goazela igartzen dugu. Denok garrantzitsu sentitu gaitezen lan egiten du, eta ez lehian ari direnak bakarrik”.
Familia giroan
Egunero entrenatzen dira, eta gimnasioa familia baten modukoa da hirurentzat, “bigarren etxea”. Jende jatorra eta osasuntsua topatu dutela diote, eta horrek ere eragina izan duela argi dute.
Diziplina eta besteekiko errespetua lantzeko balio izan die. “Fisikoki bakarrik ez, izaera ere asko aldatu dit boxeoak. Etxekoekin, lagunekin zein irakasleekin dudan harremanak hobetu ditut”, azaldu du gazteenak. “Bizitza zentzu guztietan aldatu zaigu bioi”, zehaztu du aitak.
Bizkaiko txapeldun izatea da nagusienaren ametsa: “Hasi nintzenetik horregaz amestu dut, hiru urtez jarraian azpitxapeldun geratu naizelako. Euskadiko txapelketan parte hartzea ere gura nuke, eta hori ere irabazi ahalko banu ederto”.
Arreba, ostera, debutatzeko ilusioagaz dago: “Boxeoa asko gustatzen zait, debutatu gura nuke, baina ez dakit aukerarik izango dudan; beraz, nire helburua erakustaldiren batean parte hartzea da”.
Gazteenak bere ametsa “txapeldun olinpikoa” izatea dela dio. Oraindik bide luzea du aurretik eta batek daki agian bere ametsa egi bihurtzea lortuko du hemendik urte batzutara.
Espainiakoan Euskadiko eta Bizkaiko txapelketetan lortutakoa berdintzea espero du, baina badaki zailagoa izango dela, esperientziadun maila handiko boxeolariak lehiatuko direlako. Hala ere, izebaren ustez, aukerak baditu: “Aurkariek zail izango dute beragaz, oso ona da”.
Txapelketetan norbere buruagaz konfiantza izatearen garrantzia nabarmendu du nagusienak. “Egiten dakizunaz seguru egon behar duzu, dakizuna egin, eta entrenatzailearen esanei kasu egin. Gainera, amateurrak gara eta asko zaintzen gaituzte, arazoren bat dagoenean borrokaldia gelditu egiten dute”.
Datorren astekoa esperientzia berezia eta polita izango dela uste dute, eta gozatzera doazela azpimarratu dute.