Bizkaiko txapelketa jokatuko dute bihar, Ereñoko X. Raidean
Bihar lehiatuko dute Ereñoko X. Raida. 09:00etan hasiko da proba Gabika auzoan, eta arratsaldera arte luzatuko da. Hainbat kategoriatan, 40 zaldizko inguruk parte hartuko dute. Euskal Herriko ordezkariekin batera, kanpotik etorritakoek ere hartuko dut...
Momentuz, Herrialde Katalanetako zortzi bat zaldizkok eta Kantabriako pare batek eman dute izena. «Eskualdeko lau partaide daude oraingoz izena emanda; hiruk 40 kilometrokoa egingo dute, eta beste batek 80 kilometrokoa», azaldu dute antolatzaileek.
Bost kategoria lehiatuko dituzte: CEI 80 km, CEN 80 km, CEN O 80 km, CEAP 60 km eta CEAP 40 km. Aurten, 80 kilometrokoan (CEN O 80 km), Bizkaiko Txapelketa egongo da jokoan.
Gabika auzoan hasi eta amaituko dute proba. Goiztiarrenak, ibilbide luzeena egingo dutenak, 09:00etan irtengo dira.
Bestalde, 10:00etan ekingo diete lehiari 60 eta 40 kilometroko ibilbideak egingo dituztenek. Hala, partaideek ordu bete bat lehenago egon beharko dute irteera lekuan.
Gabika auzotik Ereñoko herrigunerantz abiatuko dira, San Migeletik. Herria zeharkatu ostean, baso bideetatik Nabarnizera joango dira. Handik Illunzarrera igo, eta bueltako bidea San Kristobaletik egingo dute.
Hain zuzen ere, bi ibilbide ditu raidak. Bata, azaroan inauguratu zuten IE-042 Ereño-Nabarniz zaldi ibilbidea da, eta bestea horren paretik pasatuko da.
Sariak arratsaldean
Egun osoko proba denez, sari banaketa arratsaldean egingo da: «Ibilbide luzeena egiten dutenen artean, azkenak 17:00ak inguruan heltzen dira, eta horregatik, partaide denek amaitu ostean banatuko ditugu sariak».
Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurentzat egongo dira sariak. Era berean, maila bakoitzean lasterketa baldintzarik onenetan amaitu duten zaldiak ere sarituko dituzte.