EAJk jaso du babesik handiena
Elkarrekin Ahal Duguk gora egin du botoetan, eta hirugarren indarra izan da. Kongresuan egongo da Agirretxea eta Senatuan Kazalis eta Etxano; Landak ez du eserlekurik izangoEspainiako Gorteetarako hauteskunde orokorretan EAJ izan da alderdirik bozkatue...
Elkarrekin Ahal Duguk gora egin du botoetan, eta hirugarren indarra izan da. Kongresuan egongo da Agirretxea eta Senatuan Kazalis eta Etxano; Landak ez du eserlekurik izango
Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorretan EAJ izan da alderdirik bozkatuena Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Gauza bera gertatu zen Busturialdean iazko abenduko hauteskundeetan; ez, ordea, Lea-Artibai eta Mutrikun; orduko hartan, EH Bildu izan zen alderdirik bozkatuena.Hirugarren alderdi bozkatuena Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa izan da bi eskualdeetan. Gorako joerari eutsi dio Ezker Anitzak eta Ahal Duguk osaturiko koalizioak. Mutrikun, esaterako, 669 boto jaso ditu. Abenduan gertatu legez, batez ere, EH Bildu koalizioari egin dio kalte Pablo Iglesiasek gidatzen duen koalizioak. EH Bilduk 5.613 boto zenbatu ditu domekako hauteskundeetan Lea-Artibai eta Mutrikun; eta abendukoetan 6.529 izan zituen.
Busturialdean ere botoetan gora egin du Elkarrekin Ahal Duguk. Hogei herrietako emaitzak batuta, 5.374 boto lortu ditu (Ahal Dugu eta Orain Batera plataformaren botoak batuta, 4.857 izan zituzten abenduan). EH Bilduk, aldiz, Elkarrekin Ahal Dugu-k baino boto gehiago jaso ditu 6.126 boto izan ditu Busturialdean, baina behera egin du abenduko emaitzekin alderatuta (7.155 bozka izan zituen iaz).
Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ere zertxobait behera egin du boto kopuruan. Lea-Artibai eta Mutrikun 5.965 boto izan ditu, abenduan baino 278 gutxiago). Busturialdean, berriz, 318 botoren aldea izan du.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko datuak batuta, 17.130 jaso zituzten jeltzaleek abenduan, eta 16.534 domekan. EH Bilduren kasuan, ihes egin dioten boto kopurua handiagoa da. 13.684 bozka izan zituen abenduaren 20an, eta 11.739 zenbatu zituen domekan.
Hego Euskal Herrian Elkarrekin Ahal Dugu izan da alderdirik bozkatuena, eta zortzi eserleku edukiko ditu Espainiako Kongresuan. Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko botoak zenbatuta, 8.417 bozka lortu ditu Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak. Aipatzekoa da PPk eta PSE-EE alderdiek ere boto kopuruan zerbait gora egin dutela Busturialdean.
Beraz, marea morea heltzeagaz batera, Bizkaian orain arte izan duen nagusitasuna galdu du EAJk. Elkarrekin Ahal Dugu koalizioak hiru diputatu lortu ditu, aurrekoan baino bat gehiago, eta EAJ, berriz, bi diputaturekin gelditu da, bat galduta. Horrek oraindik ere gozoago egiten du garaipena Elkarrekin Ahal Dugu-rentzat, eta orduan eta mingotsagoa bigarren lekua jeltzaleentzat.
PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk diputatu bana lortu dute Bizkaian; beraz, horien kasuan ez da aldaketarik izango. EH Bilduri dagokionez, eutsi egin dio Bizkaiko diputatuari, baina 14.000 boto inguru galduta —67.000 ditu orain—. Koalizio abertzaleak ez zuen gorakada nabarmenik aurreikusten, baina beheranzko joerari buelta emateko gai izatea espero zuen. Azkenean ez da halakorik gertatu.
Senatariei dagokienez, honela banatu dira Bizkaian: EAJk hiru senatari, tartean Jose Maria Kazalis lekeitiarra eta Maria Dolores Etxano ondarrutarra; eta Elkarrekin Ahal Dugu-k senatari bat eskuratu du.
Gipuzkoari dagokionez, Elkarrekin Ahal Dugu-k iazko abenduan baino alde handiagoarekin irabazi du. Sei puntu gora egin eta 19.000 boto inguruko aldea atera dio EAJri. EH Bildurekiko, berriz, bederatzi puntu eta 33.000 boto inguruko aldea izan du. Ezker Anitzarekin iazko bozetan Orain Batera gisa aurkeztu zen koalizioa egin izanak eragin du Ahal Dugu-ren gorakada. Biek iaz lortu zituzten emaitzen batuketa izango litzateke domekakoa ez osoa.
EAJ eta EH Bilduk, berriz, iazkoen oso antzeko emaitzak lortu dituzte, baina botoak galduta. Jeltzaleen kasuan, 7.000 boto inguru. Eta koalizio subiranistaren kasuan, 12.000. PSE-EEk eta PPk, aldiz, igoera txiki bat izan dute: 1.000 boto inguru biek.
Diputatuen banaketan, berriz, Elkarrekin Ahal Dugu-k eta EAJk eutsi egin diete abenduan lortutakoei: bina. Baita EH Bildu eta PSE-EE ere: bana. EAJk eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren artean banatu dituzte senatariak. Alderdi jeltzaleak senatari bat galdu du, Elkarrekin Ahal Duguren mesedetan; bina senatari edukiko dituzte, hortaz.
Abstentzioak ere markatu ditu azken hauteskundeak; 33 herrietatik gehienetan, oro har, gora egin baitu 1 eta 3 puntu artean. Markina-Xemeinen %41,03koa ere izatera heldu da abstentzioa; %39,93koa Berriatuan, eta %35ekoa Bermeon.
Madrilera erabakitzeko
EAJren ikuspegitik onak izan dira Espainiako Gorteetarako lortutako emaitzak. Bai Senatuan eta bai Kongresuan ere, Talde Parlamentario bana izateko moduko ordezkaritza lortu dute, bosna eserlekurekin. Kongresuan bi eserleku lortu ditu EAJk Gipuzkoan, abenduan modura. Joseba Agirretxeak diputatu kargua hartuko du barriro, eta pozik dago: «Gipuzkoan bigarren indarra izan gara. Talde parlamentarioa mantentzea lortu dugu oraingoan ere, eta pozik gaude». Hauteskundeen inguruko azterketa egiterakoan, hautesle fidelak dituztela azpimarratu du Agirretxeak: «Gure aldeko botoa eman dute».
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Elkarrekin Ahal Dugu-ren nagusitasunaz hurrengoa dio: «Espainiako hauteskundeei begira more kolorea nagusitu bada ere, urrian egingo diren hauteskundeetarako bestelako egoera bat aurreikusten dugu».
Hauteskundeak errepikatzeari dagokionez, oraingoan «ez dela ezer berririk» lortu aitortu du. «Espainiako talde nagusiek galtzaile nahi zutena irabazle atera da azkenean. Boto gehiagogaz eta indartsuago, gainera. Beste alderdiei dagokienez, egoera ez da batere aldatu».
Jose Maria Kazalis lekeitiarrak senatari izaten jarraituko du, eta Euskadik Madrilen ahotsa izaten jarraituko duela dio: «Horrela, Lea-Artibairen ahotsa ere haraino helduko da». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Elkarrekin Ahal Dugu-k irabazi arren, EAJk oso ondo eutsi diola dio lekeitiarrak, eta euskal gizarteak eurenganako konfiantza duela. «Hauteskunde orokorrak oso zailak izan ohi dira alderdi nazionalistentzat, komunikabideetan ematen den polarizazioa izugarria izaten delako, eta gu ez garelako ia agertu ere egiten».
Senatuan euskal obedientzia baino ez duen talde bakarra EAJrena izaten jarraitzen duela gaineratu du: «Guk ondo dakigu zein den gure lana han, eta bihar bertan hasiko gara buru-belarri Euskadiren interesak defendatzen. Ikusteko daukagu ea benetan zer egiteko gai diren beste alderdietako ordezkariak».
EH Bilduren kasuan, Bego Landak ez du boto nahikoa izan Madrilen eserlekua lortzeko. Bizkaitik EH Bilduren Senaturako zerrendaburua zen bermeotarra, eta emaitzen balorazio «txarra» egin du. Hala ere, domekako emaitzak onartu beharra besterik ez dutela aitortu du. «Madrilera begirako hauteskundeak izan dira, eta baliozko botoek min egin digute». Orain, urrira begira dagoela dio: «Animorik ez dugu galdu, eta hurrengo hauteskundeak prestatzen hasiko gara, horiek dira-eta gureak».
Lea-Artibain bera izan da boto kopuru gehien jaso dituen hautagaia ( 5.169 boto), eta Busturialdean, bere aldeko aukera hobetsi dute Nabarniz eta Ajangizen. Gainontzeko herrietan, baina, EAJk Senaturako aurkeztu dituen hautagaiak izan dira bozkatuenak, eta Kazalis izan da boto gehien zenbatu dituena.