Trostan, Ereño eta Nabarniztik
Gabika auzotik irten, eta herrigunerantz doa bidea, eta handik San Migelerantz. Lehen puntua San Migeleko ermita da. Handik Ereñoko herrigunera jaitsi, eta gurutzatuta, errepide nagusiko beste aldetik, herriko mendietarantz abiatzen da. Mendiandiko da horietako bat, eta handik Busterriganera igotzen da, Ereñoko mendirik garaienera. Ereñotik Nabarnizko noranzkoan jarraituta, antzinako herri bideetatik dago bideratuta ibilbidea: “Errepide nagusiaren sigi-saga antzeko bat egiten duela esan daiteke”. Paisaia ikusgarriak Busterriganetik jarraituz gero, Nabarniz aldera pasatzen da. Han dago Monjosuri, eta bertan antzinako trikuharri baten aztarnak daude. Inguruan dago baita Ereño, Nabarniz eta Gizaburuko mojonera ere, hiruren muga. Ibildeak zeharkatzen dituen beste lekuen legez, bisitatzea merezi duen ingurua da. Ondoren, Galarregi tontorra inguratuta, Ilunzar azpian dagoen laguntza puntura jaisten da. Ibilbideak Ilunzar azpirantz jarraitzen du, eta hurrengo geldialdia Airoko pagadia da, leku zoragarri bezain magikoa. Pagaditik aurrera segituta, Ilunzar behekaldera heltzen da. Tontorrera igotzeko aukera dago, eta Ineritze leizearen ondotik pasatzen da. Geldialdia egitea merezi duen lekua da hori ere. Ondoren, Ilunzarreko tontorrera igo daiteke, eta bertan ur-putzu bat ere badago, zaldiek ura edan dezaten. Bertatik 360 graduko ikuspegi ederra begitantzen da. Ilunzarretik jaitsita, paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera dago Nabarniz gainetik igarotzean ere. Handik buelta hartuta, Nabarnizko San Kristobal baselizatik barrena, hasierako puntuan amaitzen da ibilbidea. Ereño eta Nabarniz artekoa, Euskal Herriko bigarren zaldi ibilbidea da. Bestea Durangaldean dago, eta Zornotzatik Urkiolara bitartean 80 bat kilometro biltzen ditu. Urdaibai Zaldi taldearen helburua da ibilbidea handitzea: “Proiektua hiru fasetan banatuta dago, eta Ereño-Nabarniz artekoa lehen fasea da, eta gure asmoa da beste bi fase egitea”, zehaztu du Lejarretak. Ajangiz, Muxika eta Gernika-Lumo arteko zaldi ibilbidea izango litzateke bigarren fasea. Hirugarrena, berriz, Urdaibaiko ezkerraldean egin gura dute, eta hark Busturia, Sukarrieta eta Bermeo lotuko lituzke. “Ideia da hiru zati horiek Urdaibai batzea; eskuinaldeak eta ezkerraldeak zaldi ibilbide horren bitartez bat egitea, eta denetara 90-100 kilometro bitartean izango genituzke”. Urdaibai Zaldi taldekoen helburua hori da, baina horretarako diru laguntzak lortzea ezinbestekoa dute. Momentuz, aurten, bigarren fasea diseinatu, eta diru laguntzak eskatzen hasiko dira. Gainera, Durangaldeko Zaldigorri ibilbidea Muxikatik pasatzen da, eta proiektuaren bigarren fasea egitean haregaz lotu gura dute. “Horrela aukera bikoitza edukiko genuke, eta sare bat moduan lotuko genituzke Urdaibaiko eta Durangaldeko ibilbideak”. Zaldi mundua gustuko dutenentzat pentsatuta egin dute proiektua, baina turismoari bultzada bat eman, eta kanpoko bisitariak erakartzeko ere baliatu gura dute. Proiektu osoa garatu artean, lehenengo fasearen emaitzagaz gustura daude, eta orain arte moduan, taldeak urtean antolatzen dituen bestelako ekintzekin jarraituko dute: “Borondatez dihardugu; Urdaibai inguruan zaldi mundua bultzatu nahi dugu. Antzinako bideak berreskuratu, garbitu eta mantenduz, zaldi munduagaz gozatu ahal izateko. Zaldi munduagaz lotuta daudenak gure taldean parte hartzera animatzen ditugu”.Azaroan inauguratu zuten IE 042 Ereño-Nabarniz zaldi ibilbidea. Ia 30 kilometroko ibilbide zirkularrak lotzen ditu bi udalerriak. Euskal Herriko bigarrena da.