San Pedro eguneko meza batean kantuan hasi zen Bermeoko Abesbatza, eta 60 urte daramatzate lanean. Hasierako taldean kantuan hasi ziren lau abeslari ere oraindik badaude. Ahotsa galdu egiten den arren, gogoa ez delako galtzen.
Bermeoko Abesbatza frantziskotarren gidaritzapean. Argazkia: Bermeoko Abesbatza
Parrokietako koruek eta bermeotarrek zuten musikarekiko zaletasun eta gogo handiak eraginda sortu zen 1956an Bermeoko Abesbatza. Fraideak izan ziren sustatzaileak. Hasieran, 1956 eta 1963. urteen bitartean, abesbatza Jon Zubieta eta Luis Esnal frantziskotarrek eta Jose Antonio Egia musikalariak zuzendu zuten. 60ko hamarkadan, baina, eten bat izan zuen. Bigarren garaian, Jose Antonio Egiak zuzendu zuen abesbatza, hil arte. 1990. urtera arte, Gaizka San Pedro izan zen zuzendari. Egun, abeslari modura hasi zen Karmele Barrenaren aginduetara lan egiten dute; 20 urte daramatza Barrenak. Tarte batean abesbatza utzi beharra eduki zuen Barrenak, eta, bere ordez, Bihotza Fradua egon zen.
40 lagun inguruk osatzen dute gaur egun Bermeoko Abesbatza. Kopuru «polita» dela dio Barrena zuzendariak. Abeslari gehienek, 60 urtetik gora dituzte.
Hasieran, Bermeoko Orfeoi modura ezagunak ziren, 60ko hamarkadan 100 lagun inguru zirelako. Hala ere, ia talde guztietan gertatu modura, Bermeoko Abesbatzan ere, gorabeherak bizi izan dituztela dio Barrenak.
Diskoak
Bermeoko Abesbatzak diskoak ere baditu. Barrenak dioenez, 60ko hamarkadan grabatutako disko bat du abesbatzak. Ondoren, 50. urteurrena ospatzeko, beste bat grabatu zuten, Andra Mari elizan: «60ko hamarkadan grabatutako diskoa berriztu genuen. Gogoa beti daukagu, baina zaila da disko bat grabatzea. Dena den, grabazio asko ditugu».
60 urtean abesbatzak aldaketa ugari bizi izan ditu: «Denetan aldatu da, teknika aldetik ere. Lehen beste modu batera kantatzen zen. Urte asko zeramatzatenei kosta egin zaie, baina, gaur egun esan dezakegu soinu propioa daukagula. Udaberriko kontzertuetan esan digute momentu guztiz fin batean gaudela».
Argazkia: Bermeoko Abesbatza
Urtean zehar hainbat kontzertu eskaintzen dituzte. Korurik ez duten herrietan zaletasuna pizteko Udaberriko Kontzertuetan parte hartzen dute. Era berean, Andra Mari elizako organoari erabilera emateko, urtero kontzertu bat eskaintzen dute organojole bategaz. Bilboko Begoñako baselizan urtero ospatzen den Bizkaiko Koralen astean ere egoten dira, eta Gabonetako kontzertuak ere eskaintzen dituzte. «Horiez gain, espero ez ditugun beste hainbeste ere eskaintzen dizkigute; beste herri batzuekin trrukeak, esaterako. Urtean, 12 ekitaldi inguru egiten ditugu», dio Barrenak.
60 urtean, gainera, leku askotan abesteko aukera izan dute. Besteren artean, 1986an Parisen egon ziren; 1987an kontzertuak eskaini zituzten Versallesen eta Erroman; 2002an, Habanera topaketaketetan parte hartu zuten Avilesen (Asturias, Espainia).
Gainera, zenbait lehiaketatan ere parte hartu izan dute. San Vicente de la Barqueran (Kantabria, Espainia) egiten den arrantza giroko abestien lehiaketan parte hartu izan dute, sariak lortuta; Tolosan ospatzen den nazioarteko polifonia eta euskal kantu txapelketan egon izan dira eta Torreviejako (Alacante, Espainia) XV. Habanera lehiaketan ere partu hartu zuten, beste hainbaten artean.
Astean birritan batzen dira, ordu eta erdi egun bakoitzean. Normalean, nahikoa izaten dela dio, baina behar izatekotan, hirugarren egun bat ere jartzen dute probasaioetarako.
Ospakizunak
Hilaren 26an, domekan, 60.urteurrena ospatzeko jardueren barruan, meza abestua egingo dute. 13:00etan izango da, Santa Eufemia elizan. Arrain Azokaren baitan, Alkartasuna Dantza Taldeagaz (40 urte) eta Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz (10 urte), ekitaldi «polita» egin zuten. Aurten urteurrenak ospatzen ari diren talde horiekin, beste ikuskizun bat ere antolatu dute irailerako; Artza frontoian izango da.
Bermeoko Abesbatzak, baina, abuztuko Aste Kulturalaren baitan egingo du kantaldi berezia. Abuztuaren 5ean izango da hori, Andra Mari elizan. Abesbatzeko zuzendari Karmele Barrenaren esanetan, «abesbatzaren historiaren gainbegirada bat egingo dugu».
Bermeoko Abesbatzeko gaur egungo abeslariak entsegu batean
18 abesti prestatzen ari dira abuztuko kantaldi berezi horretarako. Irailean, frontoian egingo duten ekitaldirako, berriz, zazpi abesti inguru prestatu beharko dituzte. Barrenak azaldu duenez, «Begoñako baselizan ospatzen den Bizkaiko Koralen asterako, urtero, zeozer berria prestatzen saiatzen gara. Gero, guk, urtean zehar erabiliko duguna. Baina, estreinaldia han egiten dugu». Izan ere, kontzertutik kontzertura gauza berriak sartzen saiatzen da Barrena, «bata bestearengandik desberdintzeko».
Bermeko herritarrek habanerak dituzte gustukoen. Hala ere, euskal kantekin eta eliz musikagaz ere ondo pasatzen dutela dio Barrenak, eta indarragaz amaitzen diren abestiak dituztela herritarrek gogokoen; hori, baina, orokorra izaten dela uste du abesbatzeko zuzendariak.