Noelia Serna tabernariak munduko koktel egile onenen artean lehiatzeko aukera edukiko du uztailaren 4an, bere irudimena eta trebezia erabilizMunduko koktel prestatzaile nagusienekin lehiatzeko aukera izango du Noelia Serna Gernika-Lumoko Musutruk taber...
Noelia Serna tabernariak munduko koktel egile onenen artean lehiatzeko aukera edukiko du uztailaren 4an, bere irudimena eta trebezia erabiliz
Munduko koktel prestatzaile nagusienekin lehiatzeko aukera izango du Noelia Serna Gernika-Lumoko Musutruk tabernako koktel egileak. Munduko alkoholdun edari esklusiboenen banatzaileak antolatutako
World Class Competition sarien lehen fasea igaro ondoren, Serna Espainiako Estatuan lehiatuko da, uztailaren 4an, eta hori irabaziz gero, Miamin (AEB) egingo den finalera joango da.
Aurretik ere irabazi izan ditu hainbat sari, eta nabari zaio likore eta destilatuak hainbat espezia eta mota guztietako osagaiekin nahasteko daukan abilezia. Koktelak egitean ikusgarritasuna kontakizun eta bitxikeriekin tartekatzen du, begietarako are interesgarriagoa egiten. «Ikusleak istorio bitxi eta dibertigarriekin gelditzen dira beti», azaldu du. Barraren atzean jarrita, erabiltzen dituen hainbat eta hainbat botila eta osagaien artean, prest azaltzen da koktel egileen mundu zabala aurkezteko.

Noelia Serna Get on Top koktela prestatzen
Sernak irabazi zuen lehen fasea Bilboko Erribera Merkatuan egin zuten, ekainaren 16an, inguruko tabernari trebeenen parte hartzeagaz. Fase horretako gaia fruituak eta landareak zen, eta edaria errezeta naturaletan iradokita egon behar zen. «Esan zigutenean, hau gure erronka zela prentsatu genuen». Izan ere, Kanpantxun duten baserrian landatzen ditu tabernan erabiltzen dituen fruta eta landareak.
Get on top (Gailurrera heldu) izeneko koktelagaz lortu zuen lehiaketa horren lehen fasean nagusitzea, ipar zonaldeko tabernari onena bezala. Edaria prestatzeko, herbolarien errezeta batean inspiratu zela dio, belarrekin egindako indargarrian, hain zuzen ere. «Sorgin moderno baten moduan» egin zuela dio. Edaria egiteko, almendrak, kanela hautsa, asunen hautsa, almendra esnea eta erromero eztiz egindako jatorrizko errezetari, vodka eta izotza gehitu zizkion, eta buztinez egindako katilu batean jarri zuen dena, lore eta mahatsekin apainduta.
Irabazitako kanporaketa hartan zegoen emakume bakarra zen bera. Espainiako estatu mailakoan egingo den finalean ere bera eta beste emakume bat bakarrik egongo dira, 24 parte hartzaileren artean.
Orain Madrilera (Espainia), joan beharko da, estatuko tabernari onenen artean lehiatzera. Norgehiagoka horretan erronka batzuk ere proposatuko dizkiete, onena zein den erabakitzeko. Egin beharreko probetan koktelak egiteko abiadura, abilezia, marka eta edarien inguruko ezagutzak, edariak prestatzeko teknika eta beste hainbat faktore neurtuko dituzte.
Proba horietan tabernarien irudimena ere neurtuko dute, edariez gain, prestaketa eta haren inguruan dagoen istorioa ere landu behar dutelako. Ikuskizuna ere oso garrantzitsua dela dio berak, eta gehitu du, aurrekoan Kepa Junkera eta Mikel Laboaren abestiak jarri zituela edaria prestatzen zuen bitartean, ikuskizuna areagotzeko eta ikusmina sortzeko.
«Beste txapelketa batzuekin alderatuta, hau oso ikusgarria da, zenbat eta elementu ezberdin gehiago jarri hobeto». Irudia ere oso garrantzitsua dela azpimarratu du: «Tabernariek asko zaindu behar dugu irudia lehiaketa horretarako».
Sernak azaldu du koktel txapelketen munduan sartzeak etengabe lanean eta bidaiatzen egotea exijitzen duela, baina bera baikor azaltzen da, eta finalera heltzeko aukerak dituela uste du: «Badakit presio handiagaz egongo garela, baina ni lasai joango naiz, aurreko txapelketetara bezala, eta uste dut irabazi ere egin dezakedala».