Barikuetan Jai Alai kiniela amerikarraren irabazleek puntista profesionalekin jokatuko dute.
19:00etan hasiko da partida.
Zehatz esateko, senior mailako lehenengo lau sailkatuek ( bi aurrelari eta bi atzelari) lehiatuko dute Amerikar Kiniela Irekia. Barikuetan Jai Alai kinielaren aurtengo irabazle Ekaitz Oar-Artetagaz batera, Asier Bidaburuk, Gorka Ubillak eta Roke Alberdik parte hartuko dute.
Bestalde, Txabi Inza, David Minvielle, Jon Curveur eta Mikel Egiguren dira barikuan jokatuko duten puntista profesionalak.
Oar-Artetak eta Egigurenek elkarregaz jokatuko dute.
Rokek eta Minviellek osatuko dute beste bikote bat,
Ubilla eta Curveur izango dira hirugarren bikotea, eta
Bidaburuk eta Inzak osatuko dute laugarren bikotea.
Afizionatuen eta profesionalen arteko lehiaren ostean, Barikuetan Jai Ali kiniela amerikarrean parte hartu duten
umeen partida ikusteko aukera egongo da.
20:00ak aldera hasiko da horien partida.
Bi aste barru profesionalek Gernikako Jai Alai frontoian hasiko duten denboraldiaren atariko partida izango dela adierazi dute Jai Alai Eskolako kideek.
“Kiniela amerikarraren irabazleentzat oparia da barikuko partida. Eta pilotari profesionalei eskerrak eman nahi dizkiegu hona etortzeko prest egoteagatik”, zehaztu du Edorta Basterretxea Jai Alai eskolako ordezkariak.
Sarrera doakoa da, eta antolatzaileek zesta punta zaleei barikuan Jai Alaira hurbiltzeko gonbita luzatu diete: “Giro polita egongo da, eta afizionatuek profesionalekin zelan jokatzen duten ikustea berezia izango da. Hona datozen profesionalek ibilbide oparoa dute. Esaterako, Egiguren Munduko bost aurrelari onenen artean dago, eta Inza Munduko txapeldun izandakoa da. Maila altua egongo da, estreinako egingo dugu, eta zaleei gustatuko zaiela uste dugu”.
‘Biharko Izarrak’
Bestalde,
astebururako Biharko Izarrak eskolarteko topaketa prestatu dute, 9 eta 11 urte bitarteko umeentzat. Euskal Herriko zesta punta eskoletako ikasleek parte hartuko dute.
Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko
Jai Alai Eskolako umeekaz batera, beste zazpi eskola hauetako ordezkariak egongo dira Jai Alai frontoian:
Markina-Xemein, Berriatua, Mutriku, Gasteiz, Noain, Cabanillas eta Biarritz.
Zapatuan, 16:00etatik aurrera sailkapen partidak jokatuko dituzte.
Domekan, goizez eta arratsaldez lehiatuko dituzte finalerdiak eta finalak. Goizean,
10:30ean hasiko da lehen partida, eta arratsaldean, berriz,
17:00etan.
“Ume eta gaztetxoak ilusioz beterik datoz Jai Alaira. Topaketa polita eta hunkigarria izango da. Euskal Herri osoko eskoletako ikasleak ekartzeko esfortsu itzela egin dugu, eta espero dugu topaketak harremanak sendotzeko balio izatea”, azaldu du Gonzalo Beaskoetxea Jai Alai eskolako kideak.
Bizkaian harrobia badagoela zehaztu du Beaskoetxeak, baina, oraindik ere umeei komunikabideetan presentzia handiagoa duten beste kirolek erakartzen dietela uste du. “Badirudi azkenaldian hori apur bat aldatu dela. Eskola berriak ere sortu dira, Ereñokoa eta Lekeitiokoa esaterako”.
Hala ere, Gernikako, Markinako eta Berriatuako ikasleak maila altua erakusten ari direla nabarmendu du: “Kadeteen eta gazteen mailan etorkizun handia izan dezaketen ikasleak ikusten ari gara”.
Edorta Basterretxea eta Gonzalo Beaskoetxea goizean, Amerikar Kiniela Irekia aurkezteko agerraldian.