Auzoetan sanjoanen zain
Amallo, Gorozika, San Juan Ibarra, Gabika, Lamikiz, Kanpantxu eta Arane auzoetan askotariko jarduerak antolatu dituzte udako lehen jaiak ospatzeko.San Joan jaiek hamaika ekintza ekarriko dituzte Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera. Han eta hemengo h...
Amallo, Gorozika, San Juan Ibarra, Gabika, Lamikiz, Kanpantxu eta Arane auzoetan askotariko jarduerak antolatu dituzte udako lehen jaiak ospatzeko.
San Joan jaiek hamaika ekintza ekarriko dituzte Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera. Han eta hemengo herrietan jai nagusiak ospatuko dituzte datozen egunotan, baina beste hainbat auzoetan ere jaietan murgilduko dira.Udako egunik luzeenei aurre egiteko egitarau oparoak prestatu dituzte Markina-Xemeingo Amallo, Ondarroako Gorozika, Gernika-Lumoko San Juan Ibarra, Ereñoko Gabika, Mendatako Lamikiz, Ajangizko Kanpantxu eta Bermeoko Arane auzoetan. Datozen egunotan San Joan loren bedeinkapena eta sainduari bisita egitea galdu ezinezko hitzordu izango dira askorentzat, baina horrekin batera ez dira faltako musika, dantza, jokoak…
Bermeon, esaterako, herritar askorentzat ez da San Joan egunik, Gaztelugatxeko San Joan bisitatu barik. Mahona soinean jantzi eta asko izango dira Gaztelugatxera hurbilduko direnak. Ohitura da, gainera, oinez joatea. Taldean joan gura dutenek, Sollube 707 mendizale taldeagaz egin ahalko dute, urtero legez. Goizaldetik hasita, mezak egoten dira Gaztelugatxeko baselizan. Batzuek meza entzungo dute, eta beste batzuek, ordea, kanpaia jo eta herrira buelta egingo dute.
Herrirako bidean, baina, Arane auzoko jaietan geldialdia egingo dute asko eta askok. 08:00etarako txupina botako dute auzotarrek, eta 17:00etan, herri kirolekin, emango diote hasiera egitarauari. Ondoren, umeentzako herri kirol tailerrak eta jokoak egingo dituzte, eta txalaparta tailerrean ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Jai eguna kontzertuekin amaituko dute. Urtero modura, arratsaldean eta gauean, Aranera joateko autobusak jarriko dituzte, doan.
Egunez ere bai
Lau eguneko egitaraua prestatu dute Muxikako Ajuria auzoan, sanjoanak ospatzeko. 23an, iluntzean sua piztutako dute, eta barikuan, santuaren omenezko meza, pilota partidak eta pintxo poteoa egingo dute, bertsolariekin batera. Zapatuan berriz, txistulariek goizetik hasiko dute kalejira eta eguerdian herri bazkaria egingo dute frontoian. Domekan berriz, pilota partidak eta Basotxoritxu dantza taldearen emanaldia izango dituzte aukeran.
Ereñoko Gabika auzoan ere jaiek lau egun hartuko dituzte. 23an, 21:00etan botako dute txupina, sua piztu aurretik. Barikuan, meza nagusia, hamaiketakoa eta briska txapelketa egongo dira. Zapatuan, paella txapelketa egingo dute, eta iluntzea Roberto eta Idoia trikitilariek girotuko dute, bakailao janarekin batera. Domekan, Kabelinatxe Dantza Taldeak erakustaldia egingo du eta arratsaldean Txatxiku txapelketa egongo da.
Ajangizko Kanpantxu auzoan ere sanjoanak ospatuko dituzte. Lehen bi egunetan sua, sardinada eta bakailao jana edukiko dituzte; hurrengo asteburuan, briska txapelketa, Artxube Dantza Taldearen emanaldia eta herri bazkaria egingo dituzte.
Etzi, ospatuko dituzte Mendatako Lamikiz auzoan sanjoanak. 12:00etako mezaren ostean, alboka, triki eta panderoek alaituko dute giroa. Bertsolariak, bazkaria eta Ariatzako Otxotearen abestiak ere ez dira faltako.
Gernikan ere, San Juan Ibarra plazan ospatuko dituzte sanojanak. Barikuan txupina bota ondoren, barbakoa eta Segundo Olaeta Musika Eskolaren ZoriROCKnak emanaldiagaz jarraituko dute. Zapatuan, GernikaRugby Taldeak antolatutako paella txapelketa egingo dute, umeentzako jolasekin. Basajaun taldearen erromeriarekin bukatuko da eguna. Domekan Urdaibai Kantaguneak euskal kantak abestuko ditu. Ondoren, Xaiborren diskofesta eta txokolatada egongo dituzte.
Kanpai hotsekin batera
Ondarroako Gorozika auzoan berriz jaiei hasiera kanpai hotsekin, txapliguekin eta suekin emango diote, eta santuaren egunean, aldiz, meza ospatuko dute. Bertan, urtero egin modura, San Joan txortak bedeinkatuko dituzte.
Zapatuan atsedenaldia hartu eta gero, domekan arratsaldean jarraituko dute jaiekin. Umeentzako jolasak egingo dituzte, eta ostean, herri kirolen txanda izango da. Aizkoran eta harri jasotzen punta-puntako kirolariak ariko dira. Harri jasotzen, esaterako, Gorozikako Inhar Urruzuno Euskal Herriko harri txikien txapeldun ohiak eta Aimar Irigoien Euskal Herriko harri txikien txapeldunak erakustaldia egingo dute. Aizkoran, berriz, Aitzol Atutxa Urrezko Aizkoraren irabazlea eta Xabier Orbegozo Arria V Urrezko Aizkorako bigarren sailkatua izango dira.
Jaiak Sebastian Lizasoren eta Alaia Martinen bertsoekin agurtuko dituzte.
Amalloko muinoan ez da aurten ere girorik faltako. San Joan eguna bera eta ondorengoa nahikoa izango dituzte ospakizunetarako. Urtero modura, kontzertua egongo da barikuan, aurten San Joan egunean bertan. Oraingoan, Xabi Solano eta Izerdi Gorria taldeak joko dute ermitaren ondoko taulaganean eta sarrerarik ez da ordaindu beharko.
Zapatuko IV. Zaldi demak eta barikuan egongo diren neska- mutilen arteko proba eta desafioek lehia bizia ekarriko dute Amallora. Maumeko Baraiazarraren zaldia, Munitibarko Motrollrena, Nabarniz jatetxearena eta Aulestiko Kobarena neurtuko dira, bai eta Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Amalloko gazteak ere.