Itsasoratze Artibista programak ekonomia urdina landuko du Busturian
Gernika Gogoratuzek, Gernikako Bakearen Museoak eta Donostia 2016 Fundazioak ekonomia urdinari buruzko topaketak antolatu dituzte barikurako eta zapaturako. Itsasoratze Artibista programaren baitako topaketak dira eta Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan egingo dituzte.
Ekonomia Urdina naturaren zikloetan oinarritzen den garapen eredu bat da; hondakinik eta isuri kutsatzailerik ez sortzea du helburu. Eredu hori Gunter Pauli ekintzaile belgikarrak sustatu du indarrean dauden sistemen alternatiba gisa: finantza ekonomia eta ekonomia berdea. Ekonomia Urdinak, “kostu energetiko altuko baliabideak erabili ordez, prozesu industrialak teknologia sinpleago eta garbiagoetarantz bideratzea iradokitzen du”.
Hiru ordezkari gonbidatu dituzte topaketetan parte hartzeko: Siemen Cox, RotterZwam hiri nekazaritzako enpresaren sortzailea (Rotterdam); Azaro Fundazioa, eredu hau Lea-Artibai eskualdean abian jartzen ari den erakundea; eta Alexander Prinsen, Ekonomia Urdinean aditua eta Gunter Pauliren kolaboratzailea.
Barikuan, 18:00etatik 21:00etara batuko dira; zapatuan, berriz, goiz eta arratsaldez bilduko dira: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Informazio gehiagorako edo izena emateko 688 89 99 50 telefono zenbakira deitu beharko dute interesa duten horiek.