Ormaza proiektua definitzeko asmoz,
parte hartze prozesu bat abiarazi zuen Ideien Kontserberak, eta prozesu hori joan den astean amaitu zuten. Dozenatik gora asanblada egin dituzte, eta, herritar asko parte hartu dutela azaldu dute, bereziki, gazteek.
Ideien Kontserberakoen asanblada bat. Argazkia: Ideien Kontserbera
Parte hartzearen helburu nagusia proiektuaren izaera definitzea izan zela diote Ideien Kontserberakoek. Gunearen filosofia, oinarri ekonomikoak, antolakuntza edo kudeaketa bezalako gaiak eztabaidatu dituzte, “emaitza oparoak lortuta”.
Erronketako bat, Ormaza fabrika
erreferentziazko gune ekonomikoa bihurtzea izango da. Lantoki komunitarioa izateaz gain, proiektu ezberdinak sustatzeko gune, ikasleak inplikatzeko esparru eta eragile ekonomikoen bilgune izatea gurako lukete. Hala, harreman espazio “garden eta horizontala” definitu dute, “norbanakoen autonomia pertsonala eta beharrizan komunitarioak uztartzeko asmoz”.
Proiektuaren beste oinarrietako bat, “
herriaren inplikazioa” izango dela diote. Espazioaren alokairua ordaintzeko, dirua erabili beharrean,
denbora inbertitzea proposatzen dute, “herritar guztien interesekoak izan daitezkeen ekimenak bultzatzeko, edota izaera soziala duten proiektuetan inbertitzeko”.
Bestalde,
gune sozial bat zabaltzea ere aurreikusten dute; “jende asko bizi den gune batean egonik, auzokoen inplikazioa bilatzeko”. Gainera,
momentu guztietan ateak zabalik dituen leku bat izatea gurako lukete.
Orain, partaidetza prozesuan erabakitakoa idatziko dute, eta herritarren artean zabalduko dute. Era berean, orain arte egindako bideari balioa eman gura diote, “oraindik aurrera egin beharrekoen oinarri sendoa edukitzeko”.
Proiektua, gainera,
eskualde osora zabaltzea dute helburu. Bermeon sortutako ekimena den arren, parte hartzeko aukera inguruko herrietara zabaltzea “ezinbestekoa” dela uste baitute: “Gazteen egoera antzekoa delako eskualde osoan, eta proiektua ahalik eta gehien saretzeko”.
Adin guztietako pertsonek osatutako
sare irekia da Ideien Kontserbera.