Bermeoko Ermiten 17. martxa ez lehiakorra eta
VII. Morgako baseliza ibilaldia egiteko aukera izango dute bertako zein inguruko bizilagunek. Bietan bi ibilbide egongo dira aukeran.
Bermeon
31 kilometro ditu Betikue ibilbideak, eta
Bermeoko Muga izenekoak 41 kilometro ditu. Azken hori Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien 15. zirkuituaren barruan dago.
Bi ibilbideetan
parte hartzeko aurretik izena eman behar da www.zirkuitua.com helbidean. Mendiko federatuek 3 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek 5 euro.
Betikue martxa egitera doazenak,
08:00etan Taraska plazatik irten, eta ondorengo
ermitetatik pasatuko dira: Gaztelugatxe, San Migel, Mañu, Aingeru Guardie, Almike eta Damiku.
Bestalde,
ibilaldi luzeagoko partaideek udalerriko mugetatik barrena burutuko dute martxa. Horiek
07:00etan aterako dira Taraska plazatik.
Aurten gutxieneko eta gehienezko denbora egongo da kontrol hauetan: San Migel ermitan (10:30-14:15), Demiku ermitan (11:30-16:30) eta Taraskan (12:00-17:00). Era berean, ibilbide luzeenean 28. kilometroan (11:30-14:00) eta helmugan (13:30-17:00) egongo da.
“Sasoi honetan egiten diren ibilaldien ondoan ezberdina da gurea. Izan ere, Kantauri itsasoa ez da momentu batean ere begi bistatik galtzen eta zer esanik ez Gaztelugatxeri buruz”, nabarmendu dute Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldeko kideek.
Halaber, ibilbidean zehar
anoa postu likido zein solidoak eta
osasun zerbitzuak egongo direla jakitera eman dute. Gainera, martxak amaitzean partaideek
dutxatzeko aukera izango dute.
Morgako ondare kultural aberatsa ezagutzen
Bestalde,
Morgako Baselizen Ibilaldian, 23,4 kilometrokoa da
ibilbide luzea, eta
laburrak, berriz,
13,5 kilometro ditu.
Parte hartzaile kopurua 400 pertsonetara mugatu dute, eta
bihar amaitzen da izena emateko epea. Izena emateko orria Morgako udalaren webgunean
(www.morga.eus) dago. Hura bete, eta
helbide honetara bidali behar da:
baselizaibilaldia@morgakoudala.com.
Helduek 8 euro ordaindu behar dituzte,
eta 12 urtetik beherakoek, 4 euro.
Parte hartzaile muga bete ezean, domekan bertan izena emateko aukera egongo dela jakitera eman dute antolatzaileek.
Kasu horretan, helduek 10 euro ordainduko dituzte, eta
12 urtetik beherakoek 5 euro.
Ibilbide luzeena egitera doazen herritarrak
08:30ean irtengo dira
Andra Mari auzotik. Gutxi gorabehera
lau orduko ibilbidea egingo dute, besteak beste, auzo eta ermita hauetatik: Santa Kurtze baseliza, Bizkargikoa, Gerekizen kokatutako San Esteban ermita, Meakaur auzoko Kurtziperio tenplua, Meakako San Bixenti baseliza edota Altamira auzoko San Migel ermita.
Bestalde,
ibilaldi laburreko partaideak 10:00etan abiatuko dira
Andra Mari auzotik. Horiek
hiru bat orduko txangoa egingo dute auzo hauetatik: Talleri, Eskerika, Gerekiz, Erroteta, Meakaur, Meaka, Oñarte eta Andra Mari.
Meakur auzoan hornitze gunea jarriko dute, eta ibilaldien
amaieran, ondo merezitako
hamaiketakoaz gozatuko dute.
“Edizio berri honetan ere herriaren ondare eta paisaia aberastasuna ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu, ohitura osasuntsuak eta parte hartzaileen arteko giza harremanak sustatuz”, zehaztu du Mª Teresa Artetxe Morgako alkateak.