Bermeo Futbol Taldea Bermeoko Udalagaz elkarlanean, F
utbola oinarritik euskaraz programa lantzen ari da; bi urte daramatzate, eta aipatu programatik lortutako emaitzak “oso onak” izan direla nabarmendu dute arduradunek.
Bermeoko futbol taldeko eta udaleko ordezkariak, Koikili Lertxundigaz
Egindakoaren inguruan berba egiteko bildu ziren joan den astean Bermeo Futbol Taldeko entrenatzaileen koordinatzaileak, zuzendaritzako kideak, Koikili Lertxundi, Bermeoko Udaleko kirol zinegotzi Irune Ormaetxea eta Maite Alvarez euskara teknikaria.
Ormaetxeak eta Alvarezek gogorarazi dutenez, honakoak dira proiektuaren helburuak: Bermeo Futbol Taldeko oinarrizko taldeetan euskararen erabilera areagotzea, talderik gazteenetako entrenatzaileak euskaraz entrenatzeko gaitasuna jasotzea, saio teoriko eta praktiko guztiak euskaraz ematea, material guztiak euskaraz argitaratuta edukitzea, euskarari prestigioa ematea eta euskara gozamenarekin elkartzea.
Denboraldi honetan entrenatzaileek egindako lan “bikaina” nabarmendu gura izan dute: “14 taldetan euskaraz egin baitituzte kalitatezko entrenamenduak”. Hala, emaitza “onak” izaten ari direla ondorioztatu dute.
Bestalde, Bermeoko Udala guraso talde bategaz ere lanean egon dela azaldu dute, Elhuyar aholkularitzaren laguntzagaz: “Egindako lanari esker, gurasoen artean euskara gehiago erabiltzeko, aurrerantzean nondik nora jo behar duten zehaztu dute”.
Irailean berriro batzartuko direla azaldu dute, 2016/2017 denboraldirako helburuak aurkezteko eta zehazteko.
Futbol taldea euskararen erabilera areagotzeko egiten ari den lana “eredugarria” dela azaldu dute batzarrean parte hartu duten eragileek. Era berean, aurrerantzean elkarlanaren bidea indartzeko asmoa agertu dute.