Inoiz baino jende gehiago hurbildu zen zapatuan Artza frontoira, txistuaz gozatzeko asmoz. Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatuta, Txistu Alardea egon zen. Musika Eskolako zuzendari Esti Arrizabalagaren esanetan, 350 lagun inguru bertaratu ziren. Hala, urteekin gero eta arrakasta handiagoa hartzen ari da Txistu Alardea.

Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak dantzan
Bai prozesuan parte hartu duten talde guztiak zein ikusleak ikuskizunarekin «gustura» geratu zirela esan du Arrizabalagak. Aurten, Ana Tere Bengoetxea abeslaria gonbidatu dute alardera, eta, 10. urte betetzen dituztela eta, Bermeoko erraldoiek ere parte hartu zuten. Emanaldi «ikusgarriak» eskaini zituzten.

Ana Tere Bengoetxea kantuan
Berritasunez betetako Txistu Alardea izan da aurtengoa, estreinaldi ugari egon baitziren. Alardea, esaterako, Jose Francoren La oracion en el mar abestiagaz hasi zuten; tartean, testu bat irakurri zuen Kankinkabara txistu taldeko Miren Aizpuruk. Frantzian euskaraz idatzita agertutako eskutitz bat izan zen, eta momentu «hunkigarria» izan zela dio Arrizabalagak.
Ekitaldian, 60 musikari eta dantzari inguruk parte hartu zuten. Txistulariei laguntzera hurbildu baitziren, besteren artean, txalapartariak, irrintzilariak, Musika Eskolako koroa eta Alkartasuna Dantza Taldeko eta Javier Setienen dantza eskolako dantzariak.