Atzo Urbietan jokatu zuten mailari eusteko kanporaketaren bueltako partida, eta 94-18 nagusitu zen etxeko taldea CAU Valenciaren kontra (joanekoan 7-35 irabazi zuten gernikarrek).
Giro itzela sortu zuten Urbietan bildutako zaleek, eta basurdeek ez zieten hutsik egin, joko bizia eta dotorea erakutsiz.
Basurdeak indartsu zelairatu ziren; lehen minutuan Juan Pablo Pietrellik entsegua lortu, eta Sebastian Joel Berterok transformatu zuen. Horrela, 0-7 jarri ziren aurretik markagailuan.
Handik bost minutura, Jon Magunazelaiaren entsegua etorri zen, eta Berterok ez zuen transformazioan huts egin. Markagailua berdintzeko ahaleginean, Valentziarrak erasoan saiatu ziren, baina, haien erasoko jokaldi batean, Pietrellik baloia lapurtu, eta bere bigarren entsegua egin zuen. Berriro ere Berterok izan zuen transformatzearen ardura (21-0).
Bi taldeen arteko aldea murrizten saiatu ziren valentziarrak, basurdeek utzitako hutsuneak aprobetxatuz. Horrela lortu zuten haien lehen entsegua.
21-8-ko markagailuagaz zirela, Jamie Verranek beste entsegu bat lortu zuen etxekoentzat hemezortzigarren minutuan, eta Berterok transformatu zuen.
Erritmo bizia ezarri zuten basurdeek. Batik bat Pietrelli eta Verran azkar ibili ziren erasoko jokaldietan. 20. minutuan, Pietrellik beste entsegu bat egin, eta Berterok transformatzea lortu zuen.
Atsedenaldira heldu aurretik, beste bi entsegu egin zituzten basurdeek (Berterok transformatu zituen), eta 49-11-ko markagailuagaz amaitu zen lehen zatia.
Argazkia: Anuar Gomez.
Lehen zatiaren bide beretik hasi zen bigarrena ere. Jokoari ekin eta berehala etorri zen gernikarren entsegua, baina, oraingo honetan, Berterok zentimetro gutxigatik ez zuen transformatzerik lortu.
Hala ere, basurdeak nagusi ziren zelaian, eta errenta mantentzeagaz ez ziren konformatu. Gainera, aurkaria ez zen arrisku jokaldirik egiteko kapaz izan.
Entseguz entsegu markagailuko aldea handituz joan zen, eta basurdeek baloia bereganatzen zuten bakoitzean aurkariak estutzea lortzen zuten.
CAU Valentziak bigarren entsegua egitea lortu zuen, baina, markagailuko aldea handiegia zen ordurako (82-18). Gainera, valentziarren entseguari beste entsegu bategaz erantzun zioten etxekoek, 89-18 jarriz.
Baina, partida amaitu aurretik, Afteek bere eguerdiko hirugarren entsegua egin zuen. Berterok ez zuen transformatzea lortu, eta 94-18 amaitu zen neurketa.