Biosfera Erreserban, ur zikinak hondartzetara
Europar Batasunak San Antonio hondartzan bainurik ez hartzeko gomendioa egin zuen duela zenbait aste, uraren kalitate txarragatik. Europako Ingurugiro Agentziak (AEMA) egin zuen gomendio hori, kutsadura neurtzen duten adierazleek uraren kalitatea bainurako egokia ez zela adierazten zutelako.
Baina San Antonioko urak ez dira kalitate txarreko bakarrak. Sukarrietan, Toña hondartzan, uraren kalitatea Europar Batasunak agintzen dituen mugetan mantendu da 1992 urtetik, kutsadurari dagokionez. Izan ere, Txatxarramendi irlaren eta trenbidearen artean kokatzen den hondartza txiki honetara isuritzen dira herriko ur zikinak, zulo septiko batetik pasatu ondoren. Ondorioz, bainurik ez hartzeko gomendioa ematen duen kartela du hondartza horrek hainbat urtez. San Antoniori dagokionez, hondartzako uren kalitate txarra nabaria izan da urte askoan; batez ere, itsasbehera denean. Sorosle eta hondartzainek azaldu dutenez, bainurik ez hartzeko aholkatzen dute egunero, bozgoraailuetatik, eta uretara sartzea erabakitzen dutenei, ostean dutxa hartzea aholkatzen diela. Ura beste urte batzuetan bezala dagoela diote: «Hondartza honetako ura beti egon za apur bat zikin, eta itsasldiak ere izaten du zerikusia; hau da, marea behera denean ura zikinago egoten da, barruko aldetik datorrelako eta ur gutxiago dagoelako», azaldu dute. San Antonioko hondartzan jartzen duten bandera, bestalde, korronte edo olatuen araberakoa izaten dela argitu dute sorosleek, eta ez duela zerikusirik uraren kalitatearekin. Uraren kaliatearen berri hondartza sarreran dagoen kartel batek ematen dulea aipatu dute: «Kartel horrek adierazten du uraren kalitatea ez nahikoa dela». 1986. urtetik hona, Eusko Jaurlaritzako teknikoek astero neurtzen dute uraren kalitatea, bainu sasoian –ekainaren 1etik, irailaren 30a arte–. Hain zuzen ere, urriaren 11ko RD 1341/2007 zuzentarauari jarraituta egiten dituzte neurketa horiek. Europar Parlamentuak 2007/CE araudian oinarritzen da Jaurlaritzarena, eta kostaldean bainua hartzeko araudia ezartzen du, kutsaduraren maila adieraziz.Ur fekalak Neurketa horiek egiteko, eguzkiaren argitik babestutako ontzi esterilizatuetan sartzen dute hondartzetako ura, gero laborategian azterktzeko. Proba horietan, ur kutsatuetan egoten diren Hesteetako Enterococos bakteriaren presentzia aztertzen dute. Escherichia Coli edo E.coli bezala ezagutzen dena ere behatzen dute. Uraren tenpreatura eta PH edo azidotasuna ere aztertzen dute.
Conchi Onaindia Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Osasunerakoko arduradunak azaldu duenez, azterketa horiek hondartzeko kutsadura fekala kontrolatzeko egiten dituzte. Gero, hondartza sasoia amaitzen denean urteko ebaluazio orokor bat egiteko. Uraren kalitatearen arabera, gutxiegi, nahiko ona edo bikain bezala sailkatzen dute, bainatzeko gomendioa ezarriz. Aipatutako dekretuak zera esaten du: «Uraren kalitatea bost urtez jarraian gutxiegikoa bezala sailkatzen baldin bada, bainua debekatzeko edo ez bainatzeko gomendioa emango da», San Antonion gertatu bezala. Jatorria Kutsadura honen jatorria Oka ibaia dela azaltzen du Onaindiak: «itsasadarrak herrietako hondakinak jasotzen ditu, batzuk halabeharrez eta beste batzuk Gernikako depuragailuaren funtzionamendu txarraren ondorioz. Hauek Oka ibaian bukatzen dute garbiketa egokia jaso gabe». Gernika-Lumoko araztailearen arazoaz gain, eskualdeko beste hainbat herrik ez dute ur zikinak garbitzeko sistemarik, beraz sortzen duten ur zikina zulo septikoen bidez bideratzen dute, ur kutsatuak ibaira bidaliz. Onaindiak azaltzen du baita, bainua ez hartzeko gomendioa badaezpadako neurria dela, osasun arazoak eragozteko. Osasun arazoak, azalak edo mukosek ur kutsatuarekin kontaktu zuzena izateareren ondorioz, edo ura irensteagatik sortu daitezkela azaltzen du berak. Ekologisten kritikak Greenpeace eta Zain Dezagun Urdaibai bezalako talde ekologistek askotan kritikatu dute Urdaibai bezalako eremu natural batean ur zikinak tratatzeko baliabiderik ez izatea. Euskadiko Biosfera erreserba bakarra izan arren, ur zikinak batzeko eta garbitzeko sistemarik ez duen eskualde bakarra dela ere salatu dute. Era berean, egiten dituzten analisietan, urak izan ditzakeen metal astunenen prezentzia ez aztertzea ere salatu dute ekologistek. Urteetan eskualdeko indutriek itsasadarrera egin dituzten isurketen ondorioz, horien prezentzia ere kontutan hartu beharrekoa dela diote. Zain Dezagun Urdaibai taldeak dio 70eko hamarkadatik egin dituzten dragatze lanak urak berritzeko prozesu naturala eraldatu dutela. Muruetako ontzioletako itsasontziak ateratzeko egin dituzten hondar mugimenduen ondorioz, itsasadarraren sakonera naturala zeharo aldatu dela. Horrek ur gutxiago sartzea ekarri duela diote ekologistek, garbiketa prozesu naturala eragotziz eta iraganean urak eztaltzen zituen hainbat gune guztiz lehortuz. Saneamendu plana Hala ere, egoera horrekin bukatu asmoz, azken urteotan Urdaibaiko saneamendu planak jasotzen dituen obrak egiten ari direla aipatu Onaindiak. Azpimarratu duenez, 2014tik Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA) martxan dago, eta saneamendua hobetzeko proiektu ezberdinek arazoa konpontzea ahalbidetzea espero du. Orain Sukarrieta eta Gernika-Lumo lotuko dituen saneamendurako hobia egiteko lanak esleitu behar dituzte. Lan horiek Gernikako araztegia Lamiarango Hondakin Uren Araztegiarekin (HUA) lotuko dute. Fase guztiak amaitzerakoan, Mundakako itsasadarrera isuri ohi diren ur zikinak bildu eta Lamiarango HUAra bideratzea posible izango da; bai itsasadarreko ezker ertzeko herrietako urak, zein eskuin ertzeko herrietakoak ere. Proiektu hori, URAk (Uraren Euskal Agentziak) eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako lan hitzarmenari esker egingo da; horren bitartez, saneamendu sarea eraikitzea eta ur zikinak Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dute.