Eskola Bidea ekimenaren astebeteko proba amaitu berri da, eta lan talde txikiko kideek balorazio oso positiboa egin dute: “Zazpi ikastetxeetako kideak halako giro onean elkarlanean aritzea nabarmentzekoa da, eta parte hartu duten guztien jarrera eskertzekoa izan da. Nahiz eta lan dezente suposatu, elkarlan polita izan da”.
Momentuz lan talde txikiaren ekarpenak bildu dituzte, eta astean zehar jendeak komentatutakoagaz lehen inpresioak, lehen ondorioak atera dituzte. Gero, ikastetxe guztietako ordezkariek hilaren 20an egingo dute herri mailako balorazioa. “Ordurako jaso gura ditugu bolondresen ekarpen guztiak. Orduan aterako da benetako balorazioa; prozesu guztiarena, eta baita esperientzia pilotuarena eta Eskola Bidea egunekoa ere”.
Hasieratik argi eduki zuten proiektua martxan jarri behar zela, eta pare bat eguneko hasierako ideia horretatik astebeteko apustua egin zuten. “Uste dugu ondo egon dela, eta egun gehiagotan egin izan bagenu, agian hobeto; kurtsoa amaitu arte”, zehaztu du Iratxe Uriguen lan talde txikiko kideak.
Izan ere, jende askok galdetu die ea datorren astean zer egingo duten, eta autonomia maila duten umeak hasi dira haien artean antolatzen datorren astean non eta zelan geratu erabakitzeko. Beraz, gutxi gorabehera, bide eta ordutegi berdinak mantenduz, ume batzuk animatuko dira eskolara haien kabuz joatera.
Lehen pausoa eman dute, eta hurrengoa, kurtso hasieran, urrian, emango dute; Eskola Bidea martxan jartzeko eta indartzeko, hiru asteko esperientzia burutuko dute.
Parte hartze maila eta jarrera eskertuz
Hiru lerro nagusi ditu Eskola Bideak: autonomia lantzea, sare soziala indartzea eta ingurumenari lotuta, mugikortasun jasangarria lortzea.
Bai umeen, eta baita bolondresen aldetik ere, erantzuna itzela izan dela azpimarratu du Uriguenek: “Eskertzekoa da bai parte hartze maila eta baita erakutsi duten jarrera ere”.
Proiektuaren sustatzaileen berbetan, talde kohesio horrek, eta talde handietan,Ā lagun artean joateko aukera horrek “segurtasun itzela” ematen die haiei zein gurasoei, eta erronketako bat da horri “zelan eutsi”.
Umeak oso pozik egon dira, batez ere bidean lagun artean eta berbetan joateko aukera izan dutelako.
Ā«Begiratu zelako gauza sinplea den, garai batean normala zen hori. Hasieratik helburua hori zen, lehengora bueltatzea; ez zela sortzen ari ginen gauza berri bat. Ohitura aldatzea da kontua”.
Gainera, talde batzuen barruan, umeek ardurak izan dituzte seinaleak eroateko etab. Haiek kontzeptu hori ere ulertu eta barneratu dute. Neba-arreba nagusienak txikienekin ere joan dira bidea egiten. “Autonomia lantzea garrantzitsua da, eta baita ardura horiek hartzen joatea ere”.
Boluntarioak egunero pozik eta umeei azalpenak emateko prest egon dira. Gainera, ikusi dute egunetik egunera ume gehiago batu direla. Eguraldiak ere eragina izan duela uste dute, esaterako, azken egunean, sirimiri apur bat izan dute bidelagun, eta horrek ume gutxiago egotea eragin baitu.
Arazorik barik
Arazoren bat sortzea zen hainbaaten kezka, baina, zorionez, ez da halakorik gertatu.
Bideari berari dagokionez, hiru lerro nagusi zehaztu zituzten, eta lan taldeko txikiko ordezkariek diote “ondo jo dutela”; sarea “egokia” dela.
Hala ere, azaldu dutenez, badago zer hobetu; sarean badaudelako puntu beltz batzuk, eta horiek diagnostikoan identifikatu zituzten. Hala ere, batzuk bidean daude eta beste batzuk umea etxetik irtetzen denetik geralekura bitartean daude. Ā«Batzuk identifikatuta daude, baina ez guztiak. Eskola Bidea ez da geralekuan hasten, etxeetatik geralekura arteko bidea ere segurua izan behar da umeentzat, eta hori da erronketako batĀ».
Arrisku edo puntu beltz horiek diseinua egiterakoan kontuan hartu zituzten. Baina puntu beltz batzuk ezin dituzte haiek hobetu. Horregatik, hasieratik, udalari egin zioten eskaria, datozen urteetan puntu beltz horiek konpontzeko ahalegina egiteko eskatuz. Izan ere, herri mailako lan taldean zazpi ikastetxeekin batera udala eta Osasunsarea daude.
Halaber, ikastetxe sarreretan ere puntu beltzak identifikatu zituzten, eta horietan gertatzen denaren hausnarketa eta diagnostikoa ikastetxe bakoitzak egin du, irtenbideak proposatuz. Ā«Sarreretako diagnostiko guzti horiek udalera bideratu dira, irtenbidea ematekoĀ».
Beraz, datorren kurtsoko erronketako bat puntu beltzei irtenbideak bilatzea eta konponbide horiek bideratzea da, bideak seguruak egitea, alegia: “Puntu beltz horiei heldu behar zaie, eta hasieratik argi eduki genuen ez dela kurtso honetako lana bakarrik, urte batzuetako lana dela”.