Kubako kulturara hurbiltzeko leihoa zabalduko dute Astran
Erakusketa, hitzaldiak, musika, bazkaria eta beste hainbat ekintza egingo dituzte bihar eta etzi Astran, Kubako kultura eta errealitatea ezagutzera emateko. Astran egingo duten Ireki Leihoa Kubari jaialdiaren bigarren edizio horretan Ventana al Valle proiektuaren berri emango dute. Ekimen horrek Kubako hegoaldean dagoen Viñales herriko kultura jaso eta elkarbanatzen du; horrez gain, hainbat ekintzen sustatzaile ere bada. Jaialdiaren lehen edizioa iaz egin zuten, Abadiñon.
Ekainaren 4tik 18ra bitartea, Astrako lehen solairuan erakusketa izango da ikusgai Astran, lehen solairuan: Emakumeak elikadura subiranotasunaren protagonistak. eta Javier Etayo Tasio komikigileak ere, Kuba leihoa mundua komikien erakusketa jarri du, kubatarrekin elkartasuna adieraziz.
Erakusketan, Ventana al valle proiektuaren irudi eta bideoak ere egongo dira ikusgai, proiektua ikustarazteko eta Kubako elkarlanerako ekimenekin egindakoa erakusteko.
Egitarau oparoa
Bihar emango diote hasiera egitarauari, 17:00etan, Doro ipuin kontalariarekin. 18.30ean, hitzaldia emango dute, Elikadura Subiranotasuna gaia jorratuz. Hain zuzen, EHNE Bizkaia eta Allende Salazar ikastetxearen kasuak izango dituzte berbagai. 21:00etan Andoñi Egaña, Xabi Paya eta Jon Martin bertsolariek girotuko dute afaria, Josu Goikoetxea gai jartzailearen aginduetara. Gauean, bi neska kubatarrek osatzen duten D Capricho taldeak eta Dj Tropikalak, karibeko doinua jarriko diote jaialdiari.
Zapatuan, berriz, 11:30ean emango diote hasiera egunari. Hausnarketarako tartea izango dute lehenbizi, eta Zer ari da gertatzen Kuban? galderari erantzuten saiatuko dira Euskadi-Kuba elkarteko kideak. 13:00etan Tukatukada Gernika-Lumoko batukada taldeagaz batera kalejira egingo dute; eta, ondoren, Urdaibai Kantagunekoek abestuko dute, bazkaltzera joan aurretik.
Bazkarian parte hartzeko zortzi euro ordaindu beharko dira. Diru hori, Kuban elkartasun proiektuak finantzatzera bideratuko dute. Txartelak salgai daude Astran, zein Aterpe eta Arrano tabernetan.
Arratsaldean, La Rama Squad rap taldearen emanaldia izango da, 17:30etan. Ondoren, Ventana al Valle proiektuaren aurkezpena egingo dute, Viñales herrian egiten dituzten ekintzak azalduz, eta Kubako txoko honetan bizi duten nekazal eta kutur errealitateak ikustaraziz. Aldi berean, Euskadi eta Kubako kulturak zein hurbil dauden erakutsiko dute.
Iluntzean Bermeoko Salsa Kubatarraren Akademiak ikustaldia egingo du, 19:00etan, eta iluntzeko 20:00etan nazioarteko Mojito txapelketa egingo dute.
20:30ean hasiko da Habana 537 musika taldearen kontzertua. Sarrera bost euro ordaindu behar da eta elkartasun proiektuak bultzatzeko izango da dirua. Ondoren, dantza kubatarren saioa egingo dute. Gauari amaiera emango diote Dj Zambroren saioagaz.