Talde gernikarrak fitxatu duen bigarren jokalaria da.
1,88 metrogaz 28 urteko jokalari valentziarra posizio desberdinetan jokatzera ohituta dago, baina, batik bat kanpoaldeko jokalaria da.
Talde berriagaz lanean hasteko gogotsu dago Pina: “Oso pozik eta ilusioz beterik nago denboraldi berriari ekiteko. Gernika denboraldi bikainak egiten ari da, eta hori gainditzeko motibazioa dut”. Buruz zein fisikoki prest eta gogor nago. Klubari eta entrenatzaileari eman didaten konfiantza eta ardura eskertzen diet. Klubari, herriari eta zaleei onena opa diet”.
Gerardo Candina Gernika KESB-eko presidentearen berbetan, bila ari ziren fitxaketa “izarra” da: “Gure kontra partida bikainak egin ditu. Gernika Bizkaiak transmititu gura dituen baloreak adierazten ditu: inplikazioa, elkartasuna, esfortsua, intentsitatea, laguntasuna… Beti izan dugu klubera ekartzeko ilusioa, eta oraingoan lortu dugu. Taldera batu delako pozik gaude. Hobetzen lagunduko digula uste dugu, eta gure helburuak lortzeko giltzarri izatea espero dugu”.
Maria Pina jokalaria. Argazkia: Gernika KESB.
Jokaldiak irakurtzen abila, kanpo jaurtiketa ona duen jokalaria da, eta azken bi denboraldietan Conquero talde andaluziarraren izarretako bat izan da.
Hain zuzen ere, 2005-2006 denboraldian Emakumezkoen Ligan debutatu zuenetik ibilbide oparoa izan du, eta esperientzia eta eskarmentu handiko jokalaria da.
Amaitu berri den denboraldian, Erregina Kopa irabazi du Conquerogaz, eta Huelvako taldeak bigarren amaitu du denboraldia.
Pina Benetuser bere herriko taldean hasi zen jokatzen. Gero, Estudiantes taldeagaz debutatu zuen 2005-2006 denboraldian, eta bi urtez egon zen taldean. Orduan, besteak beste, 2006an Brasilgo Mundialean jokatu zuen Espainiako selekzioagaz (zortzigarren geratuz).
Gero, Conquerora heldu aurretik honako taldeetan jokatu zuen: Rivas, San Jose de Leon, Celta, Mann-Filter eta Salamancako Perfumerias Avenida. Azken talde horrekin kopa eta liga garaipenak lortu zituen.
Clark, Vanderwall, Pop eta Edwards taldetik kanpo
Bestalde, klubak jakitera eman duenez, Claudia Pop, Ella Clark, Rachael Vanderwall eta Ariel Edwards ez dira taldean egongo. Klubak kontratua berritu nahi izan die, baina, haiek beste talde batzuetan jokatzea erabaki dute. Hala, klubak ibilbide berrietan zortea opa diela adierazi du.